Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Amatiño / Lagarterako oihal bordatuak

Lagarterako oihal bordatuak

Amatiño 2008/09/03 19:10
Federico García Roperok ia 70 urte daramatza udaro Debara etortzen, Lagarterako ehunezko oihal bordatuak saltzeko asmotan. Betidanik ezagutu izan dut nik Debako zumardian, zuhaitzen artean jarritako sokatik mantelak, eskupainuak eta bestelako zapiak eseki eta jendea noiz bertaratuko zain. Aurten ez du saltokirik jarri.

Zortzi urte zituela etorri zen estreinako Bergarara bere gurasoei laguntzen baina berehala egokitu ziren Debara, handik eta hemendik agertu ohi ziren udatiarren eskabide joriak merezi zuelakoan.

Garai batean dezente asko saltzen zuen, eztegu-arreotarako eta. Baina gaur egun ez da halakorik. Oraingo arreoak ez dira lehengoan bezain oparoak eta, gainera, izatekotan ere, nekez gero harizko mantel bordaturik: “Ya no quedan los clientes de antaño”.

Federicok ahalegintxoak egin ditu merkatuaren aldaketa eta premietara egokitzeko. Esate baterako, ogia biltzeko poltsetan, lehen “pan” jartzen zuen lekuan orain “ogia” jartzen du, baina letra-moldeak aldatzeak ezer gutxi balio dezake inork ogi-poltsarik erabiltzen ez baldin badu.

Oraintsu arte emazte eta guzti etorri ohi zen, lagarterana peto-peto jantzita noski, baina azken urteotan bakarrik ikusi izan dut, eta ez natzaio gero hasiko aspertu, nekatu ala alargundu ote den galdetzen.

Tarjeta eman dit:

LABORES DE LAGARTERA HECHAS A MANO. SE RECIBEN ENCARGOS. VISITAS A DOMICILIO.
FEDERICO GARCIA ROPERO. Artesano nº 43.089

Baina azken zenbaki hau boligrafoz ezabatua dago eta bere ordez, eskuz idatzia: 68. Zer gertatu ote da gainerako 43.021 artesauekin?

  Lagartera

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hiru ken lau (idatzi zenbakiz) ?
Erantzuna: