Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Amatiño / Kultura-urak noiz gainezka egingo eta jariatuko zaigun zain

Kultura-urak noiz gainezka egingo eta jariatuko zaigun zain

Amatiño 2024/11/28 10:05
“Orain diseinua. Euskadi eta industria” (Tabakalera, 2019-2020) erakusketa zela-eta, gizarte-sareetan bada da aspaditxo egindako elkarrizketa llabur bezain mamitsua (1), non Gilermo Zuaznabar (Donostia, 1971) arte-kontserbatzaileak (2) hitz urriz ulertarazten dituen hainbat hitzaldi luzetan ilun samar geratu ohi diren oinarrizko kontzeptuak.

"Hezkuntza, hezkuntza eta hezkuntza” aldarrikatzen du Zuaznabar arte-irakasleak. “Hezkuntza hobetzen bada kulturak egingo du bere bidea”. Ez omen du zentzurik kulturan inbertitzeak, jendeak kultura-esparrura hezkuntzarik gabe heltzen jarraituko badu. Eta unibertsitate-ikasketak amaitzear dauden hainbat ikasleren irizpiderik eza aipatzen du adierazgarritzat.

Adierazgarri ere, kultura sustatu nahi izaten omen duten administrazioek azpiegitura handitako proiektu handiak aurkeztu ohi dituztela, “baina hori etxe-agentzien edo eraikuntza-enpresen negozioa da”. Zuaznabarren ustez, “azpiegiturak behar dira, baina behar… behar… eguneroko kultura zaintzea behar da, poliki-poliki. Eta, horretarako, urteak falta zaizkigu gure artean jarrera hori ulertzeko”.

Adibide gisa, Donostia alderatzen du eskala bereko Dusseldorf, Lausana edo Zurich hiriekin: “Hiruak dira Donostia baino erakargarriagoak, esango nuke politagoak ere badirela. Eta hori gertatzen da hiru horietan, bertako kultura-urtegian urak gainezka egin duelako. Hori ez da Donostian inondik ere gertatzen”. Helburua, nonbait, hori litzateke, zenbait urteren buruan gure hirietako kultura-urak gainezka egin eta herrian barrena jariatzea.

Eta honek nolabait gogorarazten dit Euskadiko Orkestra Sinfonikoaren zein Musikeneren tirakadari jaramon eginez Europako herrialde eslaviarretatik etorritako musikariak orain hurrengo esan zuena: “munduan onenak zaretelakoan eta… oraindik espainiarrek bezala jotzen dute hemengo musikariek!”. Horra, gure uren nondik norakoa.

Edo, aurreko asteko Santa Zezilia egunean Landarbaso taldeek Errenteriako Lekuona Fabrikan elkarrekin eskaini zuten 'Elements' kontzertu bikaina. Ehun kantari, ordu eta erdiko jardunaldi ezohikoa eta… 5€ sarrera, baso erdi ardo eta hala moduzko pintxo bat beste. Horrela zelan izan dezake abesbatzak etorkizunik? Horrek nola iraun lezake, Maddalen Dorronsoro eta Iñaki Tolaretxiki bezalako urtzaileak ez baleude?

Jarrai, jarraituko du, agian, baina Zuaznabarrek salatu bezala, modu horretan gure kultura-urak ez du inoiz herritarren artean gainezkarik egingo, ez jario iraunkorrik eragingo. Ustea ez da jakitea. Ezta nahikoa ere.

1) Artea eta diseinuaren artekoa aldeaz. Kulturarekiko hezkuntzaren garrantziaz.

2) Bilboko Arte Ederren Museoaren Diseinu eta Arkitektura kontserbatzailea.

.

Landarbaso2024B.jpg
Errenteriako Landarbaso abesbatza, aurreko larunbatean, Lekuona Fabrikan.

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hogei ken bi? (idatzi zenbakiz)
Erantzuna: