Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Amatiño / Krakobian ez dute gogoan bertako kristoa bizargabea denik

Krakobian ez dute gogoan bertako kristoa bizargabea denik

Amatiño 2026/09/23 09:15
Azitaingo kristo bizargabea ez dugu eibartarrok erraz saltzeko, 1969 urtean Manuel Lekuona euskaltzainburu (1) zenak sakristia-zulotik atera, aurpegia garbitu eta ez zela jatorriz bizarduna (2) esan zigunetik. Hara non, Krakobia eta Lezokoarekin (3) batera, Eibarkoa den, munduan, bizargabeko bakarrenetakoa (4).
Krakobian ez dute gogoan bertako kristoa bizargabea denik

Azitaingo Kristoa

Krakobia360
Eibartarrak, Krakobiako Kristo Beltzaren aurrean
Estiloz bizantziar-gotikoa, Azitaingo tailua XIII-XIV mendeetako altxorra (5) da, gaur egun daitekeen elizatxorik apalenean isilik misilik giltzapean (6) dagoena. Krakobiakoa, ostera, Wawelgo gotorlekuan dago, hainbat mende Poloniako katedralik garrantzitsuena izan zen egoitzan, non, besteak beste, hogeitaka errege eta hierarka dauden hilobiratuak. Kosmos gotiko eta historiko aberats hartan, hemezortzi kaperaren artean, marmol beltzezko aldarean, bada guk tarteka-marteka aipatu ohi dugun zorioneko Krakobiako kristo bizargabearena, Azitaingoaren bikotearena… edo.

 

Kontua da, ordea, Krakobiako kristo gotikoa (XIV. mendekoa) azaldu ohi dela, Azitaingoarekin batera, euskarazko zein gaztelaniazko informazioetan, baina ez dagoela Krakobiako kristo bizargabearen aipamenik txikiena ere, ez Wikipediaren unibertsoan, ez Internet zabalean, ez ingelesez ez eta polonieraz ere! Nolatan izan daiteke? Zein da arazoa? Zergatik ote?

Harrigarri bada ere, erantzuna oinarri-oinarrizkoa da (7). Krakobiako kristo gotikoa, bizargabea ez ezik, beltza ere ba bada (8), eta poloniar tradizioak gehiago erreparatu izan dio koloreari ileari baino… behar bada Polonian betidanik izan direlako mirakulu handiagoak (9) beltzaranak, bizargabeak baino.

Hitz bitan, poloniarren iritziz (10), Krakobiako kristoa ez da bizargabea “Chrystus bez Brody”, beltza baizik “Czarny Chrystus”, Edo beraiek solemnitate handiz dioten bezala Czarny Krucyfiks da królowej Jadwigi, hau da "Jadwiga (Eduvigis) erreginaren  Kristo Gorputziltzatu Beltza”.

Baina poloniarrek besterik uste arren, behingoz garbituko balute, ez litzateke beltza izango. Bizargabea bai, ordea. Eta Adimen Artifizialak iritziz aldatu beharko luke.

---oo0oo---

1) Manuel Lekuona, 1951etik aurrera euskaltzain osoa, baina Euskaltzainburua 1967-1970 urteetan, Eibarren ikerketan aritu zen garaian.

2) Antzinako tradizioan kristo gurutziltzatuak bizargabeak ziren. Erdi Arotik aurrera hasi zen kristau eliza bizardunak eredutzat hartzen.

3) Azken bolada honetan egindako ikerketen arabera, jatorriz bizarra omen zuen, gero, mendetan zehar, galdu badu ere.

4) Urrutiegi joan gabe, Consuegran (Toledo, 1944) eta Almonten (Huelva, 1983) badira beste bi, baina biak ala biak XX. mendekoak dira.

5) Gipuzkoako Kultura Ineresdun Ondarea.

6) Giltza eskatu behar da bisita egiteko.

7) Adimen Artifizialak ukatu egin zidan, oker nengoela esan eta Krakobian ez dela bizargabeko kristorik segurtatu. Erantzun nionean baietz, badela, nik ikusi dudala eta beltza dela… Ah, beltza! Eta algoritmoak piztu zitzaizkion.

8) Ezki-zurezko tailua, izatez ez da beltza "ketua" baino, ehundaka urtetan kez, alferrik galdutako berniz zaharrez eta bestez belztua, Euskal Herriko hainbat Ama Birjina eta Debako Kristoa “beltzak” diren edo ziren (garbitu arte) bezalaxe. Poloniako ikerketak dio jatorrian hiperrealista zela: haragi arroseko gorputza, eta zurean zizelkatutako zauri, ebaki eta odolbatu guztiak gorrixkaz margotuak, muturreko sufrimenduaren adierazgarri.

9) Hego Ameriketan kristo beltz mordoxkarik bada.

10) Hala ere, kale-konturen batek dionez, eibartar taldea joan omen zen behin Krakobiako Kristoa ezagutzera, eta gidariak nongoak ziren galdetu zienean, "Eibarkoak" erantzun eta gidariak ezarri: "Eibarkoak? Zuena hobea da barren!" 

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Idatzi zortzi zenbakiak erabiliz
Erantzuna:
Aurkezpena

Amatiño

Luis Aranberri Mendizabal