Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Amatiño / Kontzertu gogoangarria

Kontzertu gogoangarria

Amatiño 2018/01/19 00:05
Asteleheneko kontzertuak frogatu zuen, Donostiako Kursaalean, Yuja Wang pianojotzaile txinatarra benetan ona dela eta orkestra batek ez duela zuzendaririk behar izugarri ondo jotzeko. Areto nagusia gainezka, astelehenekoa, urtetan gogoratuko den kontzertua izan zen.

Jakina, honezkero inor gutxik zalantzan jartzen du Yuja Wang munduko piano-jotzailerik onenetakoa denik, bere ezohiko janzkerak musika klasikoaren protokoloak hausten baldin baditu ere, eta, Beethoven edo Chopin interpretatzeko, piano aurrean minigona gorriaz esertzeak lehenengo ilaretako adituen belarriak gozatu ez ezik, begiak ere irekiarazi arren.

Hala ere, Kursaalean, zuhur samar azaldu zen,  izugarri dotore,  entzuleei bizkarra emanez eta gerri arteko eskote irekiaz. Pianoa jo, berriz, aingeruek edo… olagarroek bezala. Olagarroen zortzi hankek edo besoek, garroek,  bakoitzak bere aldetik “pentsatzen” omen dute eta, nonbait, Yuja Wangen hamar atzamarrek ere berezko bizitza propioa dute. Azkenean lau propina eskaini zituen eta entzuleek, adurra zeriela, zoratu beharrez,  etenik gabeko txalo-zaparradaz eskertu zuten. 

Tartean, berriz, Chamber Orchestra of Europe delakoa, Mendelssohnen “Uda-gau bateko ametsa” suitea maisuki interpretatzeko ezelango zuzendaririk behar izan ez zuena. Lekutan geratu zen nahitaezkoa omen den orkestra-zuzendariaren funtzioa!

Yuja wang

Artxiboko argazkia bada ere, honelatsu jo zuen Yuja Wangek pianoa, Kursaalean, entzuleei bizkarra emanez

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Idatzi zortzi zenbakiak erabiliz
Erantzuna: