Scarlett Johanssonen biribilguneak
Tesi handirik egin beharrik ez dago. Hainbat egunkarirekin batera plazaratutako XL Semanal (1.121 zenbakia) osagarriaren azala ikusi baino ez: Scarlett Johansson aktoresaren argazkia eta titulutzat, Una mujer de negocios: “Los hombres sólo ven mis curvas”. Errukigarri gero gure Scarlett gajoa, biribilgune erotikoak baino dohain eta ahalmen gehiago omen ditu eta gizakumeok, nonbait, ez bide dugu besterik buruan.
Zorioneko biribilgune ederrez gainera Johanson andereak zer gehiago eskaintzen ote duen jakin-minez irakurri dut barrualdean datorren sei orrialdeko erreportajea eta, antza denez, kazetariaren zein Scarletten beraren ardurarik nagusienak ez dira negozioak, altura (uste baino txikiagoa), ile-kolorea (joño, ez da ilehoria) eta bularrak benetakoak ote diren (bai, lasai, badira) baino. Negozioei dagokienez, berriz, badirudi Reebok, Moët & Chandon, L’Oreal eta beste hainbat markaren iragarkiak egitea dela zinegintzaz aparteko haren diru-iturria... beti ere aho ederra, berna luzeak, ipurdi tinkoa eta bular tenteak begi bistan direlarik. Izan ere, aldizkariaren azalean agertzen den modelu androgino samarra izan ezik, barrurako aldizkariak hautatu dituen zazpi argazkiak aktoresaren emetasun oparo, naro eta joriaren adierazgarri dira.
Beraz, laburbilduz. Scarlett Johansonek besterik gura arren, gizonok ez gara gauza bere biribilguneak ikusteko baino. Buruan besterik ez dugulako, jakina, baina, baita ere, bera horretan saiatzen delako buru-belarri (edo “titi-ipurdi” esan beharko al genuke?) eta komunikabideek beste proposamenik egiten ez digutelako.
Ah, eta gainera, ezin gero ukatu, Scarlett Johansonen biribilguneek nere libido lotia iratzartzen dute. Ez dakit espezie garatua ala garatubakoa naizelako baina, zer gerta ere, ez naiz, honez gero, darwinismoa zalantzan jartzen hasiko.
Batetik, sarreratik hasi besterik ez dago, nik komunikabideen zinismoa salatu nahi nuen gehienbat. Bestetik, nik ez dut zalantzan jartzen emakume sexiak aktoresa onak izan daitezkeenik. Charlize Theron (Oscar eta guztiko
Monster
eta karteldegian dagoenLejos de la tierra quemada
mundiala, kasu) esate baterako. Nik ez diot ordea Scarlett Johanssonen itxura fisikoari begiratzeari utziko, berak begiratu diezaiodan sekulako ahaleginak egiten dituen bitartean behintzat. Komunikabideen laguntzaz, hori bai. Azkenik, Woody Allen-en "aldi hontako musa" dela diozu... Baina arrazoi horrek, inori ematekotan, nori ematen dio arrazoia: zuri ala neri?