Kazetari benetan arraroak
Zalantzarik ez gero edozein itunek makinatxo bat arau biltzen dituela baina bi dira, besteak beste, jendeak lehen eta behingoz ezagutu nahi izaten dituenak eta, orobat, kazetari guztiek galdetu ohi dituztenak: elastiko berria zelakoa izango ote den eta babesleek zenbat ordaindu behar izango duten futbol-taldearen kamisetan agertu ahal izateko. Lehenengo sekretua berehala argitu ohi da, elastikoa begi bistan agertu bezain laster; diru-kontuak, ordea, inoiz gutxitan jakinerazi izaten dira, horren erraz, zehatz-mehatz.
Athleticen, Petronorren eta BBKren arteko ituna joandako ostiralean aurkeztu zen arren jendaurrean, kazetariok hilabeteak zeramatzaten telefonoz deika, hitzarmenaren zertzeladak aldez aurretik jakin gurarik: zenbat diru ote, zein baldintzatan, ze kopuru aurrenengo postuetan sailkatzeagatik, zenbat Europan jokatzekotan eta zenbat txapeldun izanez gero. Eta, aldi berean, hiru erakundeon prensa-arduradunok beste horrenbeste hilabete generamatzan hitzerdika, bai-bainaka, ihesi, zer esan asmatu ezinik, galderei zuzenean erantzun nahiezta.
Baina, horratik, heldu da azkenik aurkezpen-egun ofiziala, bete da gainezka Ibaigane mikrofonoz eta kameraz, jarri dira mahai berean elkarren ondoan Josu Urrutia, Andreu Puñet eta Mario Fernandez, esan dute esan beharrekoa, iritsi da kazetarion txanda, zer galdetuko eta… ezer ez! Ezta galdera bakar bat ere sinatu berri den itunaren baldintzez eta arauez!
Zein arraroak diren gero egungo kazetariak…
Mario Fernández, Josu Urrutia eta Andreu Puñet, Kutxabanken, Athleticen eta Petronorren ordezkariak