Katalanen arteko arazoa
Euskal hiritar ugariri ere, betidanik, dezente asko kostatu zaigun arren onartzea, gure oinarri-oinarrizko arazoa ez da Espainiarekin bat etorri ezina, euskal hiritarron adostasunik eza baino.
Karlistadetan, bertako guztiak ez ziren karlistak eta liberal denak ez ziren kanpotarrak, “Euskal Herriak gerra guztiak galdu” ditueneko etsipenak aditzera eman nahi izan duen bezalaxe. 1936ko gerra ez zen inondik ere izan Euskadi eta Espainiaren arteko gudua, frankismo-garaian hazi ginenok, behin eta berriz, besterik entzun izan bagenuen ere. Eta, ildo beretik, ETAren berrogei urteko gatazkak lirudikeen arren, “hango” eta “hemengo” armatuen arteko gerra gisa hasi zela, euskaldunen arteko hil-ala-biziko borroka izaten amaitu zuen.
Nik ez dut zalantzarik katalanen eskubideez, eta ez dut uste Espaniako erakundeek demokraziaz, justiziaz, gizalegez eta argitasunez jokatu dutenik Kataluniarekin; baina, burua galdu beharraren beharrez, Kataluniako abertzaleak katalanen arteko adostasuna lortzeko gauza ez diren ataka gaiztoan, benetako arazoa ez da Kataluniaren eta Espainiaren artekoa, katalanen artekoa baino.
Eta, hain zuzen, ataka gaizto edo kinka larri horretan, nago, oro har, Espainiak irabazten duela eta Kataluniak galdu.