Kantaldi antzeztua eta antzezpen kantatua
“Hegoak”, oro har, besteak beste, da etenik gabeko 90 minutuko ikuskizun ikusgarria, non ikusentzuleak ezusteko urbitsetan harrapatua sentitzen duen bere burua, musika, kanta eta antzez-jokoaren kulunkan.
Ez da ohikoa kantari eta piano-jotzailea, jendaurreko saioa hasi baino dezente lehenago taula gainean zain egotea noiz publikoa sartuko ikuskizunari hasiera emateko. Are ezohikoagoa, zertan-eta berriketan eta tabakoa erretzen zain egotea. Eta pentsaezinezkoa, behin saioari ekin ostean, biolontxelo-jotzaileak telefonoz deitzea, berandutu egin zaiola-eta, bost minutu barru helduko dela abisatzea.
Ez da ohikoa, ez, kantaldi berean euskaraz, frantsesez, gazteleraz eta portugaleraz abestea edo zenbait istorio kontatzeko zinematografiaurreko argi-teknikak erabiltzea. Behar bada ez da erabat harrigarria Édith Piaf (“Non, je ne regrett rien”), Jacques Brell (“Ne me quitte pas”), Mercedes Sosa (“Alfonsina y el mar”) edo Mikel Laboaren fadoa (“Nao es tu, faculdade de sentir”) elkarren ondotik entzutea, baina erabat ezustekoa suertatzen da García Lorcaren “Doña Rosita” neska zaharra eta Jakako Marcelino Orbés pailazo mañoa aldi berean omentzea.
Ohikotzat jo daiteke, bai, haurra lokartze aldera “Haurtxo txikia” edo “Maitia non zira” kantatzea, baina ez, horrenbeste, haurrak sehaskan negar egitea eta ondotik piano gainean kopina klakea dantzan jartzea. Ohikoa ez den bezalaxen kantariak berak bere buruari bigarren ahotsa ezartzea eta, zer esanik ez, gero, errenkadan, hirugarrenik ere baldin bada.
Dena kanta-kantari eta kontu-kontari, patxadaz, etenik gabe baina estres barik, nork daki zeinen etxe-girotan, non denerako bide dagoen lekua, denbora eta tenorea, familia kontziliatzeko zein whiski-tragoxka jotzeko. Dena antzerkia dela? Jakina, baina ez al dugu ba hasieran esan kantaldia zela?
Garbiñe Insausti: zuzendaritza, ahotsa eta eszena-eremua.
Iñaki Salvador: pianoa eta musika-moldaketak.
Maider Zapirain: biolontxeloa.
Kulunka Teatroa: ekoizpena, izen bereko diskoan oinarritua.
Hegoak: diskoa
- Iñaki Salvador, Garbiñe Insausti eta Maider Zapirain, Lugaritz Kultura Etxeko Imanol Larzabal aretoan.
