Jeronimo, indio-izena
Jeronimo Etxebarria eta Esperanza Valdivieso senar-emazteek ez zuten ostera, 1928an, jostailu-dendarik Isasi kalean ireki, sukaldeko elektrogailuak saltzekoa baino. Ausartak benetan, gaur egungo elektrogailu-zerrenda luzea izan arren, orain ehun urte nekez lau-bost baino askoz gehiago: eskuko plantxa, hainbat janari nahaspilatzeko irabiagailua, ura-eta (2) berotzeko mahai-gaineko labetxoa, xurgagailua eta ogia txigortzeko aparailua. Baina, zenbat eibartarrek txigortzen ote zuen bada ogia 1928ko sukaldeetan (3)? Hala ere, ezin uka 1920eko hamarkadan nolabaiteko "booma" izan zela Mendebalde guztian, etxeko garbitasunaren esparruan (4).
Baina, Jeronimo eta Esperanza senar-emazteak hamarkada bat edo beste aurreratu ziren eta ez zitzaien, itxura denez, ondoegi joan, 1937an Untzaga kalera (5) jaitsi baitziren drogeria, bisuteria eta zapateria gisa. Gerra ostean ekin zioten, antza, jostailuak ere saltzeari, 1940ko hamarkadan behintzat jostailuak izaten ziren-eta begi-bistan, Errege Egunaren bezperetan batez ere. Ez naiz ni, orain, Jeronimoren beraren aurpegiaz gogoratzen, baina seguru ezagutu nuela, behin gure ama zenari galdetu nionez: “Ama, zergatik daka Jeronimok indixuan izena”? (6).
Ondotik etorri ziren alaba Matilde eta Ziriako Zabala suhia, apurka-apurka gero eta drogeria gutxiago eta jostailu gehiago. 1950eko hamarkadatik aurrera Eibarko jostailu-dendarik ohikoena izan zen luzaro, nahiz ateburuko kartelean “Jerónimo. Droguería” jartzen jarraitu (7). Garai hartakoak dira kartoizko zaldia eta izenik gabeko kopina aurrenik, “Mariquita Pérez”, cowboy-pistola eta siouxen lumazko burukoa gero, eta "Magia Borrás" eta burdinazko "mekanoa", ondotik.
Jostailu klasikoa gainbehera
Jostailu-dendek ez dute azken hamar uteotan etengabeko gainbehera besterik ezagutu. Batetik, haurrek gero eta lehenago uzten diote umeak izateari. Bestetik, ez dira honezkero gurasoekin batera jostailu-dendetara ikusmiran joaten, internetez begiratzen baino. Eta, azkenik, gero eta gutxiago dira “besarkatzeko” jostailuak eta teknologia erabat jabetu da merkatuaz.
Jostailu teknologikoak edo teknologia jostagarriak? Berdinak ote? Ez. Ezin izan. Ez, behintzat, substantiboa aldatzen den heinean.
---oo0oo---
1) Nerea Zabala, Jeronimo zenaren biloba da hirugarren eta, itxuraz, oraingoz, azkena.
2) Amatiñaoko (Amatiano, Amatiñao, honela diote Bergarako zaharrek) aitxitxak horrelako bat zeukan, ohe alboan, berak tailerrean egindako latoizko mahaitxoaren gainean, non gauero eukaliptus orriak jartzen zituen irakitan. Niretzat, urtetan, “aitxitxa-usaina” izan zena.
3) Ordurako bazen, Estatu Batuetan, behintzat, arropa-garbigailurik (Thor, 1908). 1950eko hamarkadan ezagutu nuen nik gurean zentrifuga gabeko Otsein markakoa (Bergara, 1941). Baina 1928an. erosi ote zitekeen garbigailurik Eibarren? Era berean, Singer enpresa estatubatuarrak josteko makina elektrikoa burutu zuen 1930 urterako, baina Alfak beste hiru hamarkada behar izan zituen. Frigorifikoak ere ba omen ziren teoriaz merkatuan, baina 1950eko hamarkadan gure leihoan "freskeria" zegoen eta izotza barretan zabaltzen zen kalez kale, zaldi-gurditan.
4) Gure ama zenak orduak egiten zituen, gerriko minez, egurrezko soroa argizariz garbitzen, eta ez zuen uste sinesgarria zenik film iparramerikarretan ikusten ziren etxe-soroen distira. Urtetara heldu zen Europara zorioneko "pinkya" eta gure ama konturatu zen filmetako lur-soroak ez zirela gezurretakoak. Hamar-hamabost urte "aurrerago" bizi ziren, besterik ez.
5) Orain Kalbetoi kalea. Orduan, Fermin Calbetón kalea, nahiz gurean beti Untzaga kalea izan. Fermin Calbetón donostiarra ministro (1910-1911) izan aurreko izena, hain zuzen.
6) Mutikotan izenen zergatia jakitzeko guraria nuen, antza. Birjiñapeko (XIX. mendeko “La Amistad” kasinopean) janari-dendako etxekoandrearen izena eta baserriko behiarenak ere berdin-berdinak ziren, eta, ezin ba galdetzeke utzi: “Ama, zergatik Monikak daka behixan izena?”
7) Jeronimoneko dendaren aldamenean zegoen ganorabako Bilbozar kale estua, atzekaldeko osteetara pasabidea, nahiz batere peorarik gabeko patio itxi eta ainubea izan. Sasoi batean, inoren aurrean egin behar ez zirenak egiteko leku aproposa.
Galdakao-Galdakano, Bilbao, Ugao, Sestao… serie horretan sartzen ote da Amatinao-Amatiano ere? Bergara aldean bada “ao” “ano” amaierako toponimorik, Garitao-Garitanoz gain? Baduzu idazkiren bat Amatiñoren etimologiaz?
Bestalde, iraizkin kontuetarako ala sexu harremanetarako erabiltzen zuten gehiago Bilbozar kale estua? Aldi berean bietarako ez dut uste, kaka usain fuertea anafrodisiakoa baita.
Zergatik erabakiko zuen umeak andreari jarri ziotela behiaren izena, eta ez behiari andrearena? Lehenagotik ezagutzen zuelako bakarrik?