Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Amatiño / Jabo Irureta, ongi etorri

Jabo Irureta, ongi etorri

Amatiño 2009/07/13 23:06
Hamalau urteren bueltan berriro San Mamesen izango dugu Jabo Irureta. Ez entrenatzaile gisa, kirol-zuzendari modura baino. Izugarri pozten naiz, nik neuk zer ikusirik izan nuen-eta Athletic-etik alde egin zezan edo, behar bada, ez nuen segurutik behar beste egin bertan geratu zedin.

Athletic-ek Javier Iruretagoiena entrenatzaile izan zuen garaian (1993-1995), Patxi Alonso Radio Euskadi-ren kirol-erredaktoreburu zen eta, ETB2n, audientzia handiko El Derby programaren aurkezle;  lehenik Gorka Reizabalekin batera (edo aurrez aurre, hobeto esan) eta gero Patxi bera bakarrik.

Ezin jakin gero zergatik baina kontu ezaguna da Patxi Alonsok estu-mestu hartu izan zuela irundarraren lana eta berebiziko kritika latzez josi, astez aste, partidaz partida, etenik gabe. Alonsoren ustez, Iruretaren ekarria zeharo kontserbatzailea zen eta jokalarien artean eragiten zuen jokoa, berriz, guztiz aspergarria, motela, tristea, inozoa eta ganorabakoa. Ligaren erdipurdiko postuetan aritu eta Europan jardun arren, Athletic-ek talde normaltxoa zuen orduan ere baina, batere errukirik gabe, Patxi Alonsok Iruretaren ezjakintasunari leporatu ohi  zizkion Athleticen eskasiak, ahuleriak eta ezintasun guztiak.

Aurrenik Iruretak ez ikusi egin zuen, gero gogaitu, ondoren kexatu eta, atzenean, laguntza eskatu. Baita ni, ETBren zuzendari nintzenez gero, Athletic-en lehendakariarekin bildu ere baina, nonbait, ez ginen –ez nintzen— arazo hari planto egiteko gauza izan. Orduan sumatu nuen nere baitan zein zaila den harro asko maldan gora (behera, alegia) doan kazetari harroxko eta sukartsua baretzea, lasaitzea, ildoratzea, geraraztea, bere senera ekartzea. Are zailago –beste edozenbat arazo dezente larriagoak iruditu izanik—  kirol arloko kritikek inondik ere hil ala bizikoak ematen ez zutelarik

Patxi Alonsok ez zion etsi eta Javier Iruretak Athletic-a utzi behar izan zuen edo utzi beharra sumatu zuen. Ez zuen presio hura jasan edota jasaterik ez zuela merezi erabaki zuen. Kontua da 95-96ko denboraldi erdialdera ospa egin zuela. Lehenik Donostiako Errealera eta handik Galiziara.

Auskalo Patxi Alonsok arrazoirik ote zuen. Daitekeena, behar bada, Jabo benetan entrenatzaile triste eta aspergarria izatea. Baina, izanak izan, zalantzarik ez gero ondoko hamar urteetan, 1998tik 2005era bitartean gehienbat, Javier Iruretak sekula historian izan den Real Club Deportivorik onenaren entrenatzaile arrakastatsua izaten asmatu zuela eta, diotenez, ez omen zen A Coruña aldean inor aspertu.

Patxi Alonsok 1996an utzi zuen ETB Telecincora joateko eta ondoko hamar urteetan  kirol-mundutik kanpora ibili zen, ardi galdu samar, Ramón García, Ana Obregón, Belinda Washington eta abarren soka beretik. Geroztik, 2006tik aurrera, La Sexta tarteko, Patxi Alonso berriro dugu futbolaz mintzo. Zorionak, beraz.

Baina zorionak ere Jabo Iruretari, era batez zein bestez, zer gerta ere, bere senari, izanari eta izenari gogotik eusteagatik. Ongi etorri.

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hogei ken bi? (idatzi zenbakiz)
Erantzuna: