Iruzurra
Auskalo zertarako ote den Europan zinegintza baina, Ipar Ameriketan behintzat, dirua irabazteko, Susan Sarandonek Donostiara etorri bezain laster gogoratu nahi izan duenez. Baina, hori bai, dirua emango duten filmak egiten ere jakin egin behar da.
“Arbitrage” (El fraude?) dirua emango duen filma izango da segurutik. Osagai guztiak ditu: gaia, giroa, gaurkotasuna, aktore-aktoresak, luxoa, handikeria, adulterioa, zinismoa… Eta, gainera, eraz eta moldez ondo egindako filma, egikera onekoa. Nahiz, behar bada, zelofanez eta lau “txoriz” bildutako melodrama galdua bailitzan, zirrararik sortu ez.
Esanak esan, diruaz gainera, ba al dago besterik? Helburuak bitarteko oro ones al ditzake? Letradurik bizkorrenak ordain ditzaketenek auzi guztiak irabazten al dituzte?
Bai. Hainbat urtez egituratutako oreka hankaz gora joan daiteke luzaro ezkutuan iraun duten zertzeladak ustekabean azaldu eta jazo behar ez litzatekeen istripua gertatzen denean. Baina gizarte amerikarrak zer barka dezake samurrago, diru-iruzurra ala ohe-iruzurra?
Richard Gere nagusiaren interpretazioa tarteko, déjà vu ez ote?