Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Amatiño / Ipurua inor kokiltzeko gai da

Ipurua inor kokiltzeko gai da

Amatiño 2014/08/28 17:55
Eibarrek aukeran jokatu omen zuen Ipuruako zelai txikerrean eta Reala, berriz, ito, “sekuentzia luzeetan” jardun ezinean. Ipurua txikia bide da, Iruñeko Osasunazaleek, galtzeak erakarri izaten duen amorruaz, zera kantatu zutenetik: “Esto no es un campo, es un futbolín!” Baina Ipurua, benetan, txikia al da?

Espainiar ligako futbol-zelairik gehienek 105 X 68 metro dituzte eta Ipuruak, ostera, 103 X 65 m. Horretara, murritzagoa denik ezin uka baina, hala ere, txiki-ospea merezi izateko besteko aldea al da? Futbol-jokoa baldintzatzeko lain ote?

Lehen eta behingoz esan behar da, futbol-jokoaren arauei bagagozkie, zelaiak gutxienez 90 m. eta gehienez 120 m. behar duela luzeraz izan eta 45-90, berriz, zabaleraz. Beraz, Ipuruak samur asko betetzen ditu oinarrizko baldintzak.

Are gehiago, FIFAk proportzio zorrotzagoak ezartzen ditu nazioarteko partidetarako: 100-110 m. luzeraz eta 64-75, zabaleraz. Honek esangura du, neurrien arabera behintzat, munduko finala jokatzeko besteko baldintzak betetzen dituela Ipuruak.

Gainera, Ipurua ez da espainiar ligako zelairik txikiena. Soriako “Los pajaritos” berria (101 X 68) laburragoa da, eta baita Madrilgo Vallecas estadioa (100 X 65) ere. Inoiz esan al du inork Rayo Vallecanoren zelaia futbolina denik?

Hala ere, onartu beharrekoa da, eibartar futbol-zelaiak egiaz dena baino txikiagoa ematen duela. Batetik, jarlekutarako eraikinak dezente apalagoak direlako eta bestetik, batez ere, zelai-bueltako lau “ipuruak”* beste inongoak baino estuagoak direlako. Adibidez, FIFAk ateosteetan 10 m. eta bi alboetan 8,5 m. gomendatzen dituen artean, Ipuruak nekez du, hurrenez hurren, metro bi eta metro bat baino gehiago. Hau da, jarraitzaileak gain-gainean daude, ia-ia edozein jokalari ukitzeko moduan. Eta hurbiltasun honek, segurutik, kristoren presioa eragin dezake horretara ohiturik ez dauden jokalariengan. Beste modu batez esanda, Nou Campen eta Ipuruaren arteko alderik handiena ez dago joko-zelaiaren neurrietan, zelaitik kanporako dimentsioetan baino.

Zurrumurru armaginek diotenez, Eibar futbol-taldearen arduradunen artean ba omen da Ipuruaren izen ona aldarrikatu nahi lukeenik, ez dela hainbatek uste bezain txikia datu zehatzez frogatu gurarik edo. Baina, aldi berean, bada uste duenik ere, askoz ere hobe dela beste taldeetako jokalariek Ipuruaren neurri txikien mitoaz sinesten jarraitzea --nahiz egia izan ez-- eta, ondorioz, Ipuruako zelaira ateratzen diren bakoitzean, zeharo kokilduta eta ez eroso ateratzea.

Ipurua

* Ipurua, juniperus comunis, oso urrintsuak diren fruitu beltz eta moreak ematen dituen zuhaixka da: likabra, orrea. Baina, baita, hain zuzen, "zelai baten ertza" ere. Auskalo Eibarko Ipurua zelaiak usain urrintsurik ote duen baina ertz handirik ez behintzat.

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hogei ken bi? (idatzi zenbakiz)
Erantzuna: