Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Amatiño / Iñigoren leiho aurreko jauregia

Iñigoren leiho aurreko jauregia

Amatiño 2025/09/24 00:15
"Pilota partida baino lehen, içanen da goraki eçagut aracia pherxuetako guduan garaia eraman duena, eta harc egin pherxuak içanen dire cantatuak herrico guiçon gazte hortaraco berechi eta irakhaxiez, çoinekin aldizcatuco baita musicari gorphutz bat: eta ondoan, pherxuetan garaitu duenari emanen çaizco, Antoine d'Abbadie jaunaren partezko untçaco urrea eta ohorezco makhila" (Eguiña, Urruñaco herriko etchian, agorrilaren 29an, 1853an.).

Anton Abadia (Dublin,1810- Paris, 1897) nor zenik ere ez nekien nik 1970eko hamarkadaren hasieran, XIX. mendearen amaieran Euskal Herrian eratu izan ziren Lore Jokoen berri  Euskaltzaindiaren agiri zaharretan irakurri arte. Hara non, lehen Euskal Lore Jokoak Urruñan sortuak ziren 1851ean eta Abadia zeritzan ilustratu, erromantiko eta aberatsak (1) eragin ez ezik, dirua ere jarri zuen antola zitezen.  

Hurrengo hamarkadan, berriz, 1980tik aurrera, bere etxeko leihotik (2) egunero Hendaiako (3) Abadia jauregia ikusi ahal zuen Iñigo Sagarzazu gazte hondarribiarrak promes egin zion bere amonari, noizbait itsasbazterreko muino hartaraino joango zela, jauregia bertatik bertara ikusteaz gainera, Abadia jauna zenaren bizitza eta izaera ere ezagutzeko asmoz.

Esan eta egin, hamarren bat urte inguruko ikerketen ostean, Iñigo Sagarzazuk Abaddie, el sabio y su tiempo dibulgazio-saiakera argitaratu zuen 1997an, jakintsu haren heriotzaren mendeurrenean, hain zuzen ere.

Iñigo gazterik hil zen, 2004ean, liburua argitaratu baino zazpi urte eskas geroago, 41 urte besterik ez zituela. Egun, 21 urte geroago, Internetek ez daki Iñigo Sagarzazu nor izan zen, eta haren izeneko bilaketa guztiek Abadiaz idatzi zuen liburura garamatzate. Iñigok jarri zuen Abadia “merkatuan”, eta, ordainetan, Abadiak jarri du Iñigo sarean.

Areago Elkar argitaletxeak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak (4 ) elkarrekin plazaratu berri dutenetik bigarren argitalpena, jatorrizko gaztelaniaz gainera (Abbadie. El sabio y su tiempo), euskaraz (Abadia. Jakintsua eta bere garaia) eta frantsesez (Abbadia. La sage et son époque) ere.

Anton Abadia maisuak zein Iñigo Sagarzazu dizipuluak  inoiz jakingo al dute! 

---oo0oo---

1) "Abadiaz ezin da esan, sinplismoz, garaiko giro intelektualean nolabaiteko arinkeriaz zebilen aristokrata, eszentriko eta aberatsaren topikoa betetzen zuenik" (Iñigo Sagarzazu).

2) "Istorio hau leihoan aurkitzeko zortea izan nuen. Jauregia ibaiaren bestaldean zegoen. Betidanik hor ikusita, egun batean hari buruz galdezka hasi nintzen nirekiko. Abadiari buruz entzun nuen lehenengo gauza izan zen mahai dotore bat zuela jangela erdian, eta aulki batzuk zeudela hormen luzera osoan lerrokatuta. Belus berdez estalitako aulki horietako bakoitzak hizki bat zuen bizkarraldeak brodaturik, eta guztiak mahai inguruan elkartzean, esamolde hau eratzen zuten abisinieraz:  Ez ahal da sekula traidore bat izanen mahai honen inguru" (Iñigo Sagarzazu).

3) Hondarribiatik ikusita, Abadia jauregia Hendaiako hondartza gainean badago ere, udalerriz Urruña da. Iñigok ia lau orduko joan-etorria egin behar izaten zuen. Lehenik Arma Plazatik Bidaso-bazterrera jaitsi, txalupaz ibaia gurutzatu gero, eta Hendaiako portutik Abadia jauregiraino lau kilometro inguru oinez. Beste horrenbeste etxeratzeko, aldrebes, jakina. 

4) Abadia Sariaren 25. urtebetetzean.

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hiru ken lau (idatzi zenbakiz) ?
Erantzuna: