Imanolen sasi-hankasartzea
Oso bitxia izan da Imanol Alguacilen adierazpenek sortarazi duten polemika, esan duenean esan, berak, aukeran, nahiago zukeela jokalari guztiak harrobikoak balira, Athletic-en filosofiaren pareko-edo, alegia. Hainbat errealzale gogotik haserretu da baina ez dago garbi zergatik. Hau da, Zubietan harrobiko jokalariak baino izan ez zitezen aldarrikatzeagatik ala, behar bada, premiarik gabe Athletica aipatzeagatik?
Esanguratsua gero, errealzaleak baretzeko Imanol berak ondoren egin behar izan duen barkamen-eskaria, “tamalez beti asmatu izaten ez duela” aitortzeaz gainera, azpimarratu ere azpimarratu baitu berak “dena Realaren mesedetan egin izaten duela”.
Zein izan da bada Imanolen akatsa? Harrobia lehenestea? Baina errealzale amorraturik gehienek ez al lukete, aukeran, jokalari guztiak gipuzkoarrak izan zitezen nahi? Orduan, non da arazoa?
Futbol-talde bakoitzari zilegi zaio nahiago duen filosofia erabakitzea, eta honek ez du bat besteak baino hobea egiten. Esaterako, Alavesak ezin izango luke (ez Eibarrek eta ez beste ezeinek) bertakoekin soilik jokatzea; eta inork ez du zalantzan jartzen Osasunaren harrobiaren uzta joria, nahiz gero hainbat zulo betetzeko bizpahiru kanpotar ekarri behar izan. Haatik, honek gutxiesten al du Osasunaren meritua?
Konparaziotan hasiz gero, zalantza gutxi legoke Zubietako harrobia Lezamakoa baino hobea dela, baina gero talde bakoitzak egiten du egin ahal duena, aldez aurretik nahieran erabakitako mugen barruan.
Athletic-en barne-arauek harrobikotzat jotzen dituzte Euskal Herrian jaiotako jokalariak, kanpoan bizi diren euskaldunen seme-alabak eta, edozein delarik jatorria, euskal futbol taldeetan gazterik hasi eta hazitakoak, errioxarrak, akitaniarrak nahiz nonahikoak izan. Errealak, ordea, biziki zaintzen du harrobi gipuzkoarra, nahiz gero, bertakoez gainera, balio erantsi handiko jokalariak ekarri, John Aldridge, Meho Kodro edo Take Kubo lekuko. Eta, orduan, non dago arazoa?
Imanolek aitortu du, aukeran nahiago lukeela denak harrobikoak balira. Eta nork ez luke nahiago izango? Haserretu omen direnetatik... nork ez?
1) Sasi: benetakotik itxura besterik ez duena (Euskal Hiztegia. Ibon Sarasola, 2007)