Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Amatiño / - Ciriaco Mendizabal "Amatiño"

- Ciriaco Mendizabal "Amatiño"

Ciriaco Mendizabal Iribecampos, nere aittitta, Bergarako "Amatiño" baserrian (San Juan auzoan) jaio zen 1888an. Gazterik Eibarren hasi zen lanean, sortetxea utzi gabe. Honek esan nahi du gutxienik astean behin oinez egin behar izaten zuela Eibar eta Bergara bitarteko joan-etorria, San Salbadoretik San Juan auzora, Basalgo gainetik behar bada. Orduan ez zegoen ez trenik eta ez autorik, zalburdia baizik.

Antzuolako Segunda Leterekin ezkondu

Hain zuzen ere,  Antzuolako Olazabal (Deskargaldean) baserriko Segunda Leterekin (1889n jaioa) Eibarrera ezkondu zenean, senar-emazte berriok zalburdian joan ohi ziren Bergarara, Gabonetan eta Paskuetan. Sarri entzun izan nionez, nere amama Segundak bi arotan banatzen zuen urtea: Badatoz Gabonak, laster Paskuak –esaten zuen Gabonak aurretik. Eta badatoz Paskuak, laster Gabonak, berriz, Pentekoste-jaien bezperetan.

Bikote dotorea gero

Eskolabako teknikari ona

 

Ciriaco Mendizabal aittittak ez zuen ia eskolarik ezagutu  baina teknikari ona izateko berezko ezpalak zituen eta zenbait tresna asmatzen ere ez zen txantxetakoa izan. PI (3,1416) zer zen ikasi zuen egunean munduan ireki zitzaion parez pare, hura jakin gabe nola arraio aritu ote zen hainbat urte pieza borobilak egiten ulertu ezinik.

             Txapela buruan         

Teoriaz urri baina praktikarik behintzat ez zitzaion sekula falta izan. Lehenik gaseosagintzan hasi zen (inurriak azukretan sartu ez zitezen sistema asmatuz), gero intxaurrak apurtzekoa burutu zuen (nere etxean betidanik ezagutu izan dudan onena) eta, azkenik, amortiguadore-fabrika sortu, Record marka merkatuan abian jarri eta aberastu zen, automobilaren zabalkundearekin batera.

Ez zion sekula baserritar izateari utzi

Hala ere, ez zion inoiz ere baserritar peto-petoa izateari utzi.  Gerra ostean Untzagan bizi izan zen arren (ikus argazkia), 1950ko hamarkadan lantegia eraiki zuen Aldatze kalea eta Pitxar-gaiñeko baserriaren artean. Etxebizitza, berriz, lantegi gainean, orduan Eibarren normala zenez. Geroztik, etxe osteko ortuetan beti izan zituen oilategia eta ate-txakurra. Baita tomate, letxuga, porru, kipula eta beste hainbat barazki ere. Eta, jakina, mahats-parralpea, "keixaberak", pikua, madariak eta sagarrondoak.

Eibarko kaletik irten gabe, 14 urte kunplitu arte aittitta Ciriacorekin etxe berean bizi izateko zoria izan genuenok beti sentitu izan genuen baserria zenbaitek uste baino askoz ere hurbilago. Zer esanik ez, eskolatik bueltan, tomate bila ortura eta arraultzak jasotzera oilategira bidaltzen gintuenean amak.

Sendabelarrak zituen maite

Are gehiago, Ciriaco Mendizabal kurandero samarra izan ere izan zen.  Ez bakarrik berakatza gaitzik gehientsuenen erremediotzat joten zuelako edota, neguan, eukaliptus-lurrinetan lo egin ohi zuelako, baita ere ortuan ereindako kaktus itxurako belar-mota batez zornea uxatzeko ukendu aproposa egin ere egiten zuelako. Ez zegoen zoldutako zauriak garbitzeko hura bezalakorik.

Ungüento Mendizabal esaten zitzaion eta ate-joka ukendu bila etorri ohi ziren guztiei beti eman ohi genien kikara bat doan... mundua horrela zelakoan.

Hiru seme-alaba eta bederatzi biloba

Ciriaco Mendizabal eta Segunda Lete aittitta-amak 1912an ezkondu ziren  eta hiru seme-alaba izan zituzten (argazkian, ezkerretik eskuinera): Jesus, Aurora (gazteena, 1919n jaioa), nere ama, eta Nieves. Aittitta Ciriaco 1960an hil zen, bederatzi iloba zituela.

Untzagako etxea Jesus, Aurora eta Nives

Lau urte geroago hasi nintzen ni Eibarko kronikak “Amatiño” izenez sinatzen. Bizitza guztian "Amatiño" baserria bihotzean izan zuen Ciriaco Mendizabal bergararrak ez zuen jakiterik izan. Seguru gero, jakinez gero, pozarren hartuko zukeela.

Ciriaco Mendizabal "Amatiño", emaztea Segunda Lete, suhia Luis Aranberri, alaba Aurora Mendizabal eta hiru biloba, Maite, Luis eta Iñaki, Elgetan, 1950 urte inguruan. Xabier, laugarren anai-arreba, bost urte geroago jaioko zen. Erdi-erdian, Txiki (arratoi-txakurra), izan genuen lehen txakurra. Gero etorri ziren, Teddy (polizi-txakurra), Baltz (aurrekoaren kumea) eta Teddy II (kockerra).

Luis Alberto Aranberri Mendizabal "Amatiño", 1957 urte inguruan, Teddy txakurrarekin. "Sekula izan den txakurrik argiena".