Huelva, padura-herria
Doñana ospetsuak ez du segurutik aurkezpen handirik behar baina, horrez gainera, Isla Cristina, Piedras, Flecha edo Odiel inguruetako ubideak, urmaelak eta denetariko ur-bazterrak begi-bistan galtzeko bestekoak dira.
Ez da, inondik ere, oinez zein bizikletaz ibiltzeko leku aproposik falta, baina, aukeran, zaldiz edo txalupaz hobe. Oinez, luzetxo, eremuak izugarri zabalak direlako. Bizikletaz, berriz, nekez, gutxien uste denean bidezidorra hondar bigunetan beratzen delako eta, ez aurrera eta ez atzera, gurpilek bertan behera geratzeko arriskua dutelako.
Huelva probintzia Euskal Autonomia Erkidego osoa baino %40 handiagoa da (Bizkaia, Gipuzkoa eta bi Araba beste), nahiz Gipuzkoak baino biztanle gutxiago izan. Eta, heren bat, natura-parkeak, erreserbak eta lurralde babestuak dira.
Galtzeko besteko padurak
Bizikleta lagun ona da, baina ez beti seguruena
Zaldia, berriz, ez merkeena, bai onena
"Qué pescáis?" galdetu eta baten batek erantzun zuen: "Lamprea!". Zitekeena, baina ez nion sinetsi.
Lertxuntxo Txiki hau ere bere kasa arrantzan, nonbait
Barrenean, itsasoa iruditu arren, Flecha izeneko hondar-beso luzea (12 km.) baino ez.
Atzekaldean sumatzen da, hain zuzen, Flecha hondar-besoaren azken muturra, urtero 40 metro inguru hazten ari dena
Amaierarik gabeko hondartzak hutsik, abuztuan
Padurak ere badu erreginarik, Rocioko Andre Maria