Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Amatiño / Hondartzak ez du nork aginduko

Hondartzak ez du nork aginduko

Amatiño 2012/07/28 22:00
Jakina ezin dena hondartzan txakurrik sartu, ez behintzat ekainetik irailera bitarteko bainu-sasoian. Zalantzarik ez gero txakurra “gizakumearen lagunik onena” dela baina, eguzkia hartzen etzanda dagoenak, paletan diharduenak edo bilobekin potzutan ari denak ez du ezein txakurren laguntzarik nahi. Gainera, txakur-kakak inoren gustuko ez badira kale-bazterrean, ezin ba inondik ere onartu mundu guztia ortozik ari den eremuan.

Debekatuak txakurrak

Debekua ez dago gero zalantzan

Bada jende-mota bat, ordea, jende majoa eta zintzoa segurutik, eguzkia noiz ezkutatu zain egon ohi dena, hondartzak hustu ahala euren txakurrekin bertaratzeko. Iruzurretan dihardutela jakin arren ezjakinarenak egin ohi dute, eta nahiz animaliak gogoko dituztela adierazi lotsa gutxi baino ez dute.

Bikote bi

Bikote parea

Txakur eta guzti, harro asko ibili izaten dira itsas-bazterrean pasian, kontu hartzen inor gutxi ausartuko zaielakoan. Eta debekua oharrarazten inor ausartzen denerako badute aldez aurretik erantzuna (galdera) prestatua: “Zuri benetan trabarik egiten al dizu?”. Baina gizarte-arauak ez dira indarrean jartzen urliari edo sandiari trabak kentzeko, agintaritzak guztion onetan dela erabaki duelako baino.

Gazteak eta txakurra

Bai erromantikoa...

Ez dago garbi, ordea, zein ote den hondartzetako agintaritza. Ertzainik ez dut sekula ikusi, foruzainek goizero garbitu besterik ez dute egiten, udaltzainak ez dira oinutsik jartzen eta Gurutze Gorriko sorosleek diotenez txakur-kontua “ez omen dagokie”.

Eta nik hondartzan kaka egingo banu… zein agintariri legokioke “papera” ipintzea?

Txakurra uretan

Txakurraren bainu-eskubideak ere ezin ba ukatu

Hiru txakur eta umea

Denak ortozik

Oharra: Argazki guztiak egun eta ordu berekoak dira. Gehiago daude.

Lur Ibargutxi
Lur Ibargutxi dio:
2012/07/30 11:06
Debekatuta badago, txakurra daukagunok ez daukagu inongo aitzakiarik zerbait esaten digutenean, ezin gara txakurrakin sartu eta punto!

Lege horren kontra joan beharko ginateke eta moldaketa bat eskatu. Zergatik ezin gara txakurrakin hondartzara joan? Zuk hondartza erdi-erdian kaka egiten baduzu izuna izango duzu ezta? ba nik berdin nire txakurrak kaka egiten badu, kalean egiten den moduan.
Ricardo Gómez
Ricardo Gómez dio:
2012/07/31 14:13
Lurrekin ados: arau horrek ez du bururik ez hankarik. Zergatik pentsatu behar da a priori txakur guztiak zikinak (izatekotan, jabeak) eta desatseginak direla? Lurrek dioen bezala, jarrera okerra duen jabeari isuna jarri eta kitto, edozeini bezala.
Zikinagoak eta nekagarriagoak begitantzen zaizkit hainbat ume guraso modernodun, hondartzako futbolari, familia zaratatsu, etab., eta ez dut inon ikusi haiei sarrera debekatzen zaienik; gehien jota, kartel batek adieraz dezake hondartzan zaborrik ez uzteko eta halakoak. Zoritxarrez, jende zalapartatsu eta gizalege txarreko horrek ez du itxoiten eguzkia noiz ezkutatuko; goiz eta arratsalde ikus daitezke hondartzan jende artean korrika, etzanda daudenei harea botatzen, pilotarekin jotzen, euren musika altuarekin gogaitzen, hondartza zikintzen...
Egia da, ez litzateke txakurra hondartzara eraman behar. Txakur gaixoa kristal edo lata batekin zauritu daiteke, ume baten kaka zapaldu, pilota "galdu" batek buruan kolpatu... Ez al da egongo debeku seinale hori txakurrak babesteko?
Amatiño
Amatiño dio:
2012/08/01 13:25
Debekuak direla eta, Animaliak eduki eta babesteko Debako Udal Ordenantzak zera dio 22 debekuren artean:

"Ikuskizun publikoak dauden lokal, esparru eta espazioetan animaliak sar­tzea eta bertan eduki­tzea, baita igerileku publiko, lokal sanitario eta antze­koetan ere. Ezin izango dira sartu edo eduki hondar­tze­tan eta jende­tzak dauden heziketa, kultur edo aisialdirako establezimenduetan ere, baldin eta euron arau espezifikoek debeka­tzen badute".
Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hiru ken lau (idatzi zenbakiz) ?
Erantzuna: