Maitale iruzurtiak: hobeak gara euskara aldarrikatzen, hizkuntza lantzen baino
“Herria eta hizkuntza ez bihurtzeko bi bando / esna gaitezen eta mugitu gure mingain, gure zango / lo hartu ezkero lur honek ez du hizkuntzarik eramango / ta hizkuntzarik ez duen herri bat ez da herria izango” izan dan Xabat Illarregi nafar bertsolari txapeldunaren azken agurraren amaiera. Joxean Artzek duela mende erdi inguru esandakoa gogorarazi diguna: “hizkuntza bat ez da galtzen ez dakitenek ikasten ez dutelako, dakitenek ez dutelako hitz egiten baizik”.
Ardurarik eza norberarena besterik ez da. Geure burua euskalduntzat (berezko eta besterik gabeko kristoren kategoria, nonbait) dugun bitartean, euskaldunzaharroi bereziki, bost axola zaigu gure narraskeria, lantzeko alferkeria, ezer irakurtzeko premia urria, euskal kontsumo murritza, euskaraz esaldi bi jarraian okerrik gabe idazteko petralkeria, “jatortasunaren” aitxakiaz mortalak eta bi esateko lotsarik eza, edo, hobeto esan, lotsa izateko ere beharko litzatekeen mailarik ziztrinenaren jabe ere ez izatea.
Gaztelaniaz elkarri zuzentzeko dugun berezkotasun edo bat-batekotasuna galdu dugu euskaraz. Elkarri zuzentzeko beldur gara. Jaiotzetik euskaraz dakiten hainbati hitz egiten entzunez gero, pentsatzekoa da beste edozein hizkuntzatan horrela hitz egingo baligute... interesik izango ote genukeen hizkuntza baldar hori ikasteko… Euskara Eguna dela eta, kanpotik datozkigun erasoak salatu dira, salatu beharrekoak dira-eta. Baina nork salatu behar ditu euskarak euskaldunengandik egunero jasotzen dituen erasoak?
Ezjakinaren harrokeria hau ez da konpontzen, nolabait esateko, independentziarik erradikalenaz ere. Galestarrek askoz ere gehiago, sarriago eta landuago hitz egiten dute gaelikoz Britainia Handiaren menpean, irlandarrek Irlandako Estatu Askearen magalean baino, nahiz ehun urte (3) luze izan independentzia lortu zutela! Denbora ez da kontua, jarrera antzua da arazoa, jokabide zekena, jokamolde kaskarra, saiakerarik eza. Txillardegik 1970 urtean segurutzat jotzen zuen saiakera pertsonala alboratu dugu:
Saiakeraren bidez ipuinetatik egiara igarotzen gara, nahikundetik nahira,
malkoetatik ekintzara, atzotik biharrera.
Urrats hori eman duen hizkuntzak bere burua salbatzeko bidean jarrri du.
Herri horrek bizitzea erabaki du.
---ooOoo---
1) Nabarmen, esate baterako, zein zorrotz eta zehatzak diren hainbat euskal erreferentziazko artista, irudigile, pintore, argazkilari, arkeologo, azterlari, zientzialari, ekonomialari, historialari, kirolari eta beste, euren diziplinen edo jardueraren jendaurreko aurkezpenak gaztelaniaz direnean, eta zein motz, aldiz, euskaraz.
2) Bere burua euskalduntzat duen hainbat pertsona nagusi ez da konturatzen --ez du konturatu nahi-- bere gaztelaniak 30, 40 edo 50 urteko heldutasuna duen arren, euskaraz ez dela 12-14urteko adinetik pasatu eta, ezin bestean, maila horren eredu baino ez dela.
3) Ingelesen eta irlandarren arteko Bake-ituna 1921ean. eta Irlandako Estatu Askea 1922an.
