Hitz askorik behar ez denean
Mikrofono aurrean jartzea ez da batere erraza, are gutxiago erosoa. Eta zer esanik ez aurrean berrogeitaka begi pare badaude --zein baino zein galdegile kartsuagoak--, norberaren lanbideari ez dagozkion itaun bihurriak egiteko gertu gainera.
Xavi Hernandez jokalaririk onenetakoa dena jakina da, baina hizketan ere ez da nonbait makala. Behar bada, Kataluniak egun bizi duen giroa tarteko, erantzuna aldez aurretik izan zezakeen prest --kazetariak beraiek uste baino "antzemankorragoak" dira-eta-- baina, zer gerta ere, aurretiko prestaketak ez du meriturik murrizten, eransten baizik.
Sekula titulurik gehien irabazi duen espainiar futbolaria izaki, eta Kataluniara lan bila joandako andaluziarraren seme, Xavi Hernandezen erantzunak ez zuen segurutik hainbat barren lasaituko.