Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Amatiño / Hitlerren morala

Hitlerren morala

Amatiño 2026/01/12 21:55
“Nik neure morala dut. Nire iritzia. Eta hau da geldiaraz nazakeen bakarra” aipatu du Trumpek New York Times egunkariak egindako elkarrizketan. Are gehiago, “ez dut nazioarteko legerik behar". "Bere Herriaren onetan diharduenak ez du inongo legerik hausten”.

Ez dakit Hitlerrek inoiz horrelakorik hitzez hitz esan ote zuen. Pentsatu bai, ordea, praktikan horixe berori egin zuen-eta, Hendaiatik Moskuko atariraino (1), Danimarkatik Finlandiaraino (2). Alemanek, sinetsi edo ez, jarraitu egin zioten nahiz, nazismoa erori zenean, inor ez zen nazi, eta harakorik gertatu zenik inor gutxik gogoratu nahi arren.

Europa osoa bereganatzea Alemaniaren mesedetan eta onetan izan omen zen, nonbait, Venezuelaz, Kolonbiaz, Mexikoz, Kanadaz edo Groenlandiaz jabetzea estatubatuarren faboretan izango litzatekeen bezalaxe.

Nazismoak arrotzak, juduak, ariarrak ez zirenak, ijitoak, desgaituak eta homosexualak garbitu nahi izan zituen, eta trumpismoak gizarte zuria, garbia, kristaua eta maskulinoa du gogoko eta helburu.

Hitlerrek SS (Schutzstaffel) talde paramilitarra sortarazi zuen eta Trumpek ICE (Inmigration and Customs Enforcement) “betearazle-taldea”, erasoko soldadu gisa jantzia eta armatua, tokian tokiko agintarien eta poliziaren gainetik ari dena, hiritarrak izutzen.

Alemanek ez zekiten zer zetorkien, 1933an Hitler kantziler izendatu zutenean, eta ezjakinarenak egin zuten ondoko hamabi urteetan, egitasmo nazia lehertu arte. Nork daki estatubatuarrak konturatzen ote diren abia horretan estatu poliziala izaten amaituko dutela eta, nazioartean, berriz,  XIX. mendeko inperialismo eta kolonialismorik latzenetara itzuliko (3), zeinetan Europak ere baduen zertaz lotsatu.

Lekutan geratu dira harako liberalismo estatubatuar modernoa, zorioneko “New Deal” delakoa, antzerakoak edota garai bateko kontserbadore petoak. Hain zuzen ere, arazoa ez da Trumpen kontserbadurismoa, baizik eta ez duela ezer kontserbatu nahi. Inork ez du esan, gero, Hitler kontserbadorea zenik.

Bai, Trump orojakile eta ahalguztidunak bere morala du. Baina ez moralaren indarra, indarkeriaren morala baizik.

---ooOoo---

1) 42 km. falta zitzaizkiola, ez baitzuen errusiar negua gainditzerik izan.

2) Europa osoaz jabetu zen, Erresuma Batua eta Islandia salbu,  gainerako estatu guztiak alde, morroi edo mutu jarri ondoren.

3) Susmoa baino gehiago da, ordea, joera hau ez dela estatubatuarra soilik. Alegia, Estatu Batuek egin dezaketena zergatik ez dute bada, Errusiak eta Txinak egin ahal izango, eta 1945 urtean (Nazio Batuen Erakundearen sorrera) finkatutako mundu-ordenaren erabat aldatuko? Eta, eztabaida horretan,  Europa ez dago eta ez da espero. Europa ekonomiko eta politikoa ez da bere burua defenditzeko gai.

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Idatzi zortzi zenbakiak erabiliz
Erantzuna: