Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Amatiño / Hirurogei urte dantzan

Hirurogei urte dantzan

Amatiño 2013/04/12 00:05
Iñaki Irigoien (Bilbo, 1935) dantzariari omenaldia eskainiko zaio bihar, hirurogei urte luzez “euskal folklorearen mesedetan” egindako lan eskergarengatik. Nik gaztetandik ezagutu izan dut Iñaki dantzariz inguratua. Iñaki kementsua eta apala, beti prestu eta inori laguntzeko gertu.
Hirurogei urte dantzan

Iñaki Irigoien

Dindirri taldean hasi zen dantzan Iñaki Irigoien, 1952an. Alfontso anaiak (euskaltzaina izatera iritsi zena) soldadutza egitera joan behar izan zuen eta Iñaki gazteari egokitu zitzaion anaia nagusiaren oinordekotzaz arduratu beharra, ezpata-dantzan haren zuloa betetzea alegia.

Aita Txanton Goiriak (Eibarren izan genuen karmeldar abertzale amorratua) esan ohi zuenez, 1944an sortutako Dindirri taldea “Euskal Herriaren ispilu” zen munduan. Baina ez, horratik, talde bakarra. Garai edo giro beretsukoak ziren, besteak beste, Goizaldi, Oldarra, Duguna, Txiribil, Olaeta, Gaztedi eta beste hainbat. Orduan, dantzan egitea zen euskaltzale eta abertzale agertzeko modua. Iñakiren hitzak aipatzekotan: “Euskal Herriko jendeak, diktaduraren urte ilun haietan, bere kulturaren egarri zen. Egia da euskal kultur usainik zuen beste gauza askorik ere ez zutela egiten uzten garai haietan”.

Iñaki –gutako asko bezalaxe— dantzan egiten hasi zen gaztetan, baina ez horretan soilik geratu. Ondotik dantza-irakasle izan zen, suspertzaile, antolatzaile, ikertzaile eta biltzaile. Euskal Dantzarien Elkartearen (Baiona, 1966) sortzaileetakoa (eta lehendakari) izan zen, lehen Dantzari Egunen (Iruñea, 1978 – Bilbo, 1979) eragile eta Bizkaiko Dantzarien Biltzarraren aita eta ama.

Hirurogeiko hamarkadan zehar loratutako dantza-lehiaketak, agerraldiak eta euskal jaiak izan ziren garai hartako euskal mugimenduen adierazgarri nabarmenak. Esaterako, Debako Euskal Jaian (1965) 50.000 lagun bildu  ziren (“Txistulari” aldizkariaren datua),5 tren berezitan, 180 autobusetan eta 1.400 beribiletan bertaratuak. Gogoan izan urte berean sortu zela Eibarren  lehen "umien euskal jai nagusia".

Iñaki Irigoienek berak idatzi bezala (Euskal Dantza, 50 urteko historia laburra): “Hamarkada hau, batez ere erdi aldeko urteetan, oso garrantzitsua izan zen, gazteria pil-pilean zegoen, dantza-talde asko eta jaialdiak ugariak eta jendez beteak. Indar hau folklorekeria hutsean geratuko ote zen beldurra agertzen hasi ziren, kritikak eginaz, toki ezberdinetatik. Bai politikan mugitzen hasiak ziren gazte askoren aldetik eta bai euskararen egoera bizkortu eta indartu behar zela esaten zutenen aldetik”.

Ordudanik urte mordoa joan da. Gauzak dezente aldatu dira geroztik. Baina oraindik ere, lantzean behin, laurogei urteak noiz beteko zain, Iñakik dantzan egiten jarraitzen du. Zorionak, eta ez gero etsi!

Beobide, Olaizola, Irigoien. Durango, 1975

Iñaki Beobide, Imanol Olaizola eta Iñaki Irigoien, Durangoko Liburu Azokan (1975).

Jaime
Jaime dio:
2013/04/12 18:18
Barka iezadazu, Luis Alberto, zuzenketa txiki-txikia egitea zure zutabe interesgarri bezain historiko honi. Garai haietako eusko dantza taldeen izenak aipatzerakoan “Txiribil” idatzi duzu, baina, benetako izena da TXIRINBIL. Garai haietan, Eibartik joana, gasteiztartu berria izanik Txirinbil taldean hasi nintzen 1959ean eta, zuk aipatzen dituzun eusko dantza taldeekin, eta aipatzen ez dituzun beste batzuekin ere, topo egin genuen behin baino gehiagotan hegoaldeko eta iparraldeko dantza jaialdietan. Garai haietako ganora eta ilusioak!!!
Izan untsa.
Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hogei ken bi? (idatzi zenbakiz)
Erantzuna: