Hiriburutarren mundutxoa
Barrabiletaraino naukate euren ohiko mezuekin: “Bilbotik ia egunero pasatuten hazenez gero, whatsappa bialdu eta kafetxo bat hartuko joagu…” Edo, ”sumatzen diat maiz etortzen haizela Donostiara. Hots egiten badidak elkarrekin joan gaitezkek zinera…” Edo, "jakin dut sarri etortzen zarena Gasteiza, deitu egidazu eta elkarrekin egongo gara..." Edo, “Pirinioetara joateko Iruñetik pasatuko haiz ba hi… Zergatik ez didak aitzinetik erraten elkar ikusteko?”
Zin egiten dut behin baino gehiagotan jaramonik egin izan diedala lagunoi, baita makinatxo batean aurretik deitu ere, eta beti --beti gero-- erantzun beretsua jaso: Hi, barkatu, bihar ezin izango joat, medikuagaz jaukat ordua… lehenago jakin izan banian, beste batekin geratuta natxegok… lagunarteko bazkaria aspaldidanik hitzartua… Emazteari lagundu behar zioat...
Bai, jakina, jendea erabat okupatua bizi da. Bakoitza bere erritmo, plan, ajenda eta egitekoak dauzka. Bapo. Ulertzekoa da. Baina zergatik uste dute besteok firin-faran dihardugula? Zergatik hiriburutan bizi direnek uste dute mundua euren etxe-paretik igarotzen dela? Niri, Durango, Zarautz, Bergara edo Altsasuko lagunek ez didate sekula esaten “hi, seguru gero hemendik pasatuko haizela Bilbo, Donostia, Gasteiz edo Iruñera joateko eta, bide batez, egidak bisita”. Nahiz eta, egia esan, dezente errazago eta erosoago izan herri horietan sartu-irtena egitea, hiriburuetan barrena nora ezean ibili beharra baino.
Nago hiriburuetako jendea nabarmen asko “barnerakoitu” dela. Uste dute, nonbait, munduaren erdian bizi direla, baina, antza, euren mundutxoan baino ez dira bizi. Edozein elgetarrek gure hiriburuetako biztanleek baino mundu gehiago du.
Azken batean, elgetarrak txitean pitean --edo "takian potian"-- atera izaten dira alde batera zein bestera, Bilbora, Donostiara eta Gasteiza bai behintzat. Baina, alderantziz, bilbotarrik, donostiarrik eta gasteiztarrik gehienek, ostera --inoren hiriburua gutxietsi eta eskas samar ezagutzeaz gainera-- ez dakite Elgeta non arraio dagoenik ere.