Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Amatiño / Hilgo gara zaharrok, jaioko dira berriak, guztiok gara Euskal Herriak

Hilgo gara zaharrok, jaioko dira berriak, guztiok gara Euskal Herriak

Amatiño 2015/09/29 00:05
Hirurogei urte bete nituenean laguntaldea batu nuen elkarrekin ospatzeko. Hamar urte geroago, berriro bildu ditut. Ordutik hona zazpi adiskide joan dira, azken hatsa bota ondoren. Batek daki, zazpi asko edo gutxi ote diren, estatistika ez da nonbait urruti ibiliko. Estatistika berberaren arabera, auskalo zenbat bilduko ote garen laurogeigarren hamarkadari ekiteko. Are gehiago, naizen hau inori deitzeko moduan izango al da? Erantzuna, hamar urte barru.
 Hilgo gara zaharrok, jaioko dira berriak, guztiok gara Euskal Herriak

70, ez gehiago, ez gutxiago

Gure aita zenaren lagun-taldea urtero bildu ohi zen elkarrekin bazkaltzeko. Lar “elixatarrak” ez ziren arren, lehenengo meza izaten zuten Legarreko ospitale zaharrean, meza-ostean denon arteko argazkia kaperaurreko harmailetan atera eta, ondoren, bazkaria.

Ni ezkondu aurretik laga zioten argazkia ateratzeari. Meza eta bazkaria, bai, argazkirik ez, ostera, urtero urtero gero eta gutxiago biltzen ziren-eta. Ia berrogei laguneko taldea hamabost ingurura heldu zenean… bapo egin zuten. Denok dakigu noizbait hil behar duguna baina, “horraittiok”, urtero argazkia atera beharra hurrengo urtean nor falta den kontatzeko!

Oker ez banago, 61 urte zituen aitak argazkia ateratzeari utzi ziotenean. Guk, berriz, 70 urteren bueltan argazkia ateratzen jarraitzen dugu… denok hamar urtetik behin baino biltzen ez garen arren.

Kontuak egiten hasi eta, inguruko zazpi lagun galdu ditut azken hamarkadan. Ez dakit zazpi asko edo gutxi diren, baina badakit gero, hurrengo hamarkadan zazpi baino dezente gehiago joango zaizkiguna, azken hatsaren ostean.

Bitartean, hilgo gara zaharrok, jaioko dira berriak, guztiok gara Euskal Herriak.

Taldea20150919

Gazteenak 65 inguru, zaharrenak, berriz, 75 edo... primaberako liliak, goizik ziren loratuak

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hiru ken lau (idatzi zenbakiz) ?
Erantzuna: