Hildakoek ez dute mamurik ikusten
Fatih Akin zuzendariaren Geister (Mamuak) filmaz ekin dio, bart, 74. Donostiako Zinemaldiak aurtengo sail ofizialari. Film apala, behar bada, baina Hitchcock maisuak batere lotsarik gabe sinatuko lituzkeen sekuentziekin. Ezinaren ezinez sinesgaitz suertatzen den istorioa.
Berlingo migratzaile-giroan (turkiarrak, siriarrak eta beste), Farasha (Mariam Dawoud) eta Faris (Eren M. Güvercin) hogei urteko gazte bik elkar ezagutzen dute zenbait ikastetxeren arteko jaian. Baita bat-batean gogotik maitemindu ere. Etxera bidean auto-istripua izango dute eta, Farasha zendu eta bertan behera geratu arren, bikoteak aurkituko du, bizitza eta heriotzaren arteko mugaren gainetik, berrogei egunez (Moisesen garizuma ote?) elkarrekin jarraitzeko modua.
Hortik aurrera, bizirik dirauen mutilaren nahiak, ondoezak, ametsak eta mamuak erabat zentzuzkoak dira; ez horren ulergarriak, ostera, hildako neskarenak. Bai, bakarrik geratu nahi ez duen Farisek amain eman diezaioke irudimenik mindu nahiz mingarrienari, eta, behar bada, joko berorretan Farashak ere parte hartzen duela sinetsi, baina neskak ezin duena da bizitza eta ekimen propioa izan. Bizirik geratzen denak mamuak izan ditzake eta mamu horietan zendua partaidetzat jo. Baina hildakoak berak ez du ezer, ez mamurik eta ez ezer. Joan da, ez dago.
Filmaren oinarria ez da sinesgarria, eta sinesgaiztasun horrek hankaz gora jartzen ditu filmaren erromantizismoa, aktore bien lan txukuna, berriketa gabeko musika liluragarria eta Berlingo “ibilgailuen” (autoa, autobusa, tranbia, ferrya…) estetika.
