Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Amatiño / Herri-memoria ote, ondo eginak gogoratzeko baino ez?

Herri-memoria ote, ondo eginak gogoratzeko baino ez?

Amatiño 2022/07/29 13:57
Onerako da egungo agintaritza politikoek gaizki egina aitortzea eta agintariok eurek ordezkatzen dituzten hiritarren izenean barkamena eskatzea. Baina, oraingo hiritarrok ez al dute ezer esaterik? Non geratzen da zorioneko herri-memoria? Ala memoria hautakorra ote, harro sentitzeko istorioak gogoratzeko baino ez?
Herri-memoria ote, ondo eginak gogoratzeko baino ez?

Aita Santua, Kanadan

Frantzisko Aita Santuak barkamena eskatu die Kanadako indigenei, kolonizazioa dela-eta egindako kalteengatik eta, zehatz, Eliza Katolikoaren “ardurarik ezaz”. Mende luzean zehar (1863-1998) gobernu kanadarrek 150.000 ume barrendu zituzten 139 zentrotan non, berrezi beharraren aitzakiaz, denetariko jipoiak, sexu-erasoak eta arraza zein kultura mespretxuak jasan zituzten.

Ez da hau Aita Santuak barkamenik eskatzen duen lehen aldia. Iaz beste horrenbeste egin zuen Mexikon, Hernán Cortesen garaietatik XX. mende arte, 500 urtean eragindako tratu txar eta gutxiespenengatik.

Antzerako zerbait aitortu zuen Australiako Parlamentuak, 2008an, hainbat urtetan (1919-1970) haur aborigenak euren familia eta etxeetatik gogoz kontra atera eta sistemaz bahitu izanagatik, hobe beharrez mendebaldeko kulturaz “zibilizatuak” izan zitezen.

Monarkia belgikarrak ere barkamena eskatu behar izan zuen 2020 urtean, XX. mendearen hasieran Leopoldo II.ak Kongon eragindako “krimen odoltsuengatik”. Alemaniak iaz aitortu zuen lehen aldiz bere errua, 1904-1908 urteen artean Namibian izandako genozidioarengatik, eta, ildo beretik, Macronek ere Frantziaren erantzukizuna aitortu berri du, 1994ean Ruandan gertatu zen sarraskiengatik (800.000 tutsiren heriotza).

Guztiak ere, mendebaldeko zorioneko zibilizazioaren izenean gizateriaren aurka egindako krimenen adibideak besterik ez dira. Denak ere, kasurik sonatuenetakoak behar bada, baina ez guztiak. Funtsean denetan errepikatuak, oinarrizko ideia berberaz: zurien nagusitasuna, tokian tokiko jatorrizko biztanleen gutxiespena bermatu eta, europar zibilizazioaren izenean, bortxakeriaren zilegitasuna batere espanturik gabe finkatu, inor zapaltzeko, birrintzeko eta hiltzeko.

Ezein giza-talde gutxiestea eta zapaltzea beti ere onartezina baldin bada, behar bada “ulerterrazago” dateke XVI. mendean jazo izana, eta zeharo onarkaitzagoa, berriz, XX. mendean gertatzea, mendebaldeko zibilizazioaren baitan (Zeelanda Berritik Kanadaraino, Europa zubi) demokrazia liberalak XIX. mendearen azkenetan nagusitu baitziren estaturik gehienetan.

Zalantzarik ez, gero, onerako baino ez dela han-hemenka egungo agintaritza politikoek gaizki egina aitortzea. Ondo dago agintariok eurek ordezkatzen dituzten hiritarren izenean barkamena eskatzea. Baina, politikarien kontua ote? Oraingo hiritarrok ez al dute ezer esaterik? Eta zer esaterik asmatzen ez badute… gutxienez hausnarketa txikerren bat egiteko abagunerik edo tentaldirik bai ote?

Non geratzen da zorioneko herri-memoria? Ala memoria hautakorra ote, harro sentitzeko historiak gogoratzeko baino ez?

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hogei ken bi? (idatzi zenbakiz)
Erantzuna: