Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Amatiño / Heisenbergek baleki…

Heisenbergek baleki…

Amatiño 2025/03/02 13:30
Heisenberg (1) fisikari alemaniarra izan zen teoria kuantikoaren ziurgabetasun printzipioa ezarri zuena. Stephens (2) dramaturgo ingelesa giza-harremanen ziurgabetasunaz antzerki-lana burutu zuena eta Bernués (3) ekoizle donostiarra, berriz, euskal eszenara ekarri duena. Teoria kuantikoarekin hasi eta euskal antzerkian amaitzea da, behar bada, ziurgabetasun horren eredu adierazgarrietakoa.

Alex Priest (Ramon Agirre) 75 urteko gizonezkoak eta Geornie Burns (Naiara Arnedo) 42ko emakumeak, ez ustean topo egiten dute elkarrekin Londresko Saint Pancras geltokian, eta bizimodurik arruntenari ere datxekon ziurgabetasunaz pasatzen dira erabateko ezezagueratik nolabaiteko eta... zergatik ez? delakora.

Aktore biak dira zein baino zein sinesgarriagoak. Zaharra, bere harategitik sekula atera ez den gizonezko bakarti bezain aspergarria, dagoeneko bizitzari hutsaren hurrengo eskatzen diona… arnasa luzeko hitz-jaiorik ez izan arren, ia zipitzik esan gabe gauza asko adierazteko gai dena. Eta Geornie, berriz, txaplata ameslaria, isilik geratzea baino edozer esatea nahiago duena, nahiz beti –edo inoiz ez--- egiarik esan ez. Nork bere iragana, oraina eta logika ditu, baina horra non, ziurgabetasunaren ziurgabetasunez,  biak nor diren etorkizunen bat elkarrekin partekatzeko atakan-edo.

Ataka atsegina, Tanttakaren eskutik, Heisenberg atzezlana. Komedia erromantiko samarra, inondik ere algararik sortarazten ez duena baina, hori bai, hasi eta buka, irribarreari eusteko bestekoa (4).

Antzerkia jokatu da honezkero Bilbon, Getxon, Lezon zein Donostian, eta ondoko asteetan izango da, besteak beste, Beasainen, Eibarren, Gernikan, Arrasaten, Gasteizen eta Azkoitian.

---ooOoo---

1) Werner Heisenberg - 2) Simon Stephens - 3) Fernando Bernués

4) Aukeran, ez deritzat jator ordubetean zehar Naiara Arnedok bizpahiru bider "ostia" esateari.  Batetik, ez dut imajinatzen Geornie Burns Londresko Saint Pancras geltokian horrelakorik esaten. Bestetik, ez dut uste, Donostiako Antzoki Zaharrean ikusi nuenaren arabera behintzat, "Heisenberg" antzerki-lanaren ikusentzulegoak hitz hori erabat metabolizatua duenik. Baina tira, esatari sakonek diotenez, hori ere  "etorri da geratzeko".  Zenbait pilota-partida (erremintakoak, batez ere) eta  "El conquis"  dira, nonbait, eredu berriak. 

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Idatzi zortzi zenbakiak erabiliz
Erantzuna: