Hegoaldeari falta zaion Iparra
Naia Robles Arangiz, Erramun Martikorena, Mixel Ducau, Caroline Phillips, Niko Etxart, Pantxoa, Maialen Errotabehere, Anje Duhalde… Maitia nun zira, Sorlekua, Maitiak galde egin zautan, Eiharalarre, Goizean argi hastean, Aurtxo-aurtxoa, Eperra, Kantuz… artzain-doinuak, Ameriketako bertsoak, 60ko baladak, ondorengo rocka… Iparraldeko abeslari eta kantuak, bete-betean, guri-gurian, peto-petoan.
Jendea gainezka, batez besteko adin nabarmen-nabarmen helduaz. Gazte apur eta urrien artean, berriz, neskatilak, gehientsu-gehientsuenak. Zaharrak nahiz gazteak, programa-papertxoa erruz eskertuko luketenak. Minimalismoa eta zabarkeriaren arteko aldea bereizteko ordua da.
Eraz eta moldez, taxuz eta zentzuz, musikaz eta letraz… nostalgia nagusi. Iragana hobea izan ote zen susmo faltsua alegia. Susmo atsegina hala ere, kontraesan latza dirudien arren.
Gaixoa hil behar dugu biek gosez,
gosez, gosez ez naski bainan,
elgar maitez, elgar maitez!
"Baionatik Donostiara", bart, Kursaalean, Euskadi Irratiaren 30. urtebetetzea dela-eta