Hego Euskal Herriaren langabezia da Espainiako txikiena, baita Europako handienetakoa ere
Dena erlatiboa omen da. Baita langabezia-tasa ere. Harro samar-edo esan daiteke Euskadiko eta Nafarroako autonomia erkidegoen langabezia Espainiakorik murritzena dela. Egia ere bada, espainiar estatuaren langabezia, Greziarenarekin batera, Europar Batasuneko altuena dela; baina egia biribil bi hauen barruan ez da nabarmendu izaten Hego Euskal Herria osoaren datuak ere Europako larrienak direna.
Izan ere, Euskal Autonomia Erkidegoaren (%10,02) eta Nafarroaren (%10,30) langabezia Italiakoaren (%10,5) pareko eta Espainiakoaren (%15,3) zein Greziakoaren (%15,4) azpitik egon arren, Europar Batasunaren batez besteko zifraren (%7,3) gainetik dago. Baita Europa osoarenaren (%8,0) gainetik ere.
Europar Batasunaren barruan, gainerako estatu guztien langabezia –Txipre (%9,9) eta Suedia (%9,1) izan ezik-- %9ko kopurutik behera dago. Gure inguruan, Frantziak %7,5 du eta Portugalek %7,2; Alemaniak, berriz, %3,7.