Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Amatiño / Hara Europa, lur hoberikan

Hara Europa, lur hoberikan

Amatiño 2009/06/16 00:02
Ahoa betetzen zaigu progresiaz eta modernitateaz baina, Iparragirrerekin batera, XIX. mendeko kanta dugu oraindik ere ahotan: "Ara España, lur oberikan, ez du Europa guciac".

Hamar egun joan dira Europako hauteskundeak izan zirenetik eta Europaren oihartzuna isildu da, beste galaxia bateko kontua balitz moduan. 

Abstentzioa handia izan zen arren, komunikabideak erruz ahalegindu dira hautesleen erantzukizuna uxatzen. Badakizue zein den teoria: Jendeari bost axola zaio Europa, baina errua ez da hiritarrona, batere ilusionatzen ez gaituzten politikoena baino.  Errua beti da besteena. Lasai, beraz.

Nik uste dut, ostera, ez dugula Europarik merezi. Europaren garrantziaz konturatzeko berriro merezi izango genituzkeela Francoren diktadura, peseta españolera eta libera frantsesera bueltatzea, Bidasoako muga ixtea, pasaportea erakutsi beharra eta, autoz pasatzen garen bakoitzean, trikorniodun goardia zibilari maletategia zabaltzea.

Nik ulertuko nuke espainiar edo frantziar abertzaleek Europarik nahi ez izatea, baina ez dut ulertzen nola arraio euren burua euskal abertzale amorratutzat dutenek sekula historian izan den naziogaindiko proiekturik handiena arbuiatzen duten.

Ahoa betetzen zaigu progresiaz eta modernitateaz baina, Iparragirrerekin batera, XIX. mendeko kanta dugu oraindik ere ahotan: Ara España, lur oberikan, ez du Europa guciac. Noiz jabetuko gara geure erantzukizunaz eta behingoz kantatu: Hara Europa, lur hoberikan, ez dago mundu guztian?

Goiz kronika. Euskadi Irratia, 2009ko ekainaren 16an.

José María Iparragirre Iparragirre

Ara nun diran mendi maiteac, ara nun diran celayac,
baserri eder zuri-zuriac, iturri eta ibaiac.
Hendayan nago zoraturican, zabal-zabalic beguiac;
¡ara España!¡Lur oberican ez du Europa guciac!

 

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Idatzi zortzi zenbakiak erabiliz
Erantzuna: