Handitzeaz gainera, ardatzez aldatu eta orekaz berritu. Bertan Bilbo!
Arte Ederren Museoaren eraberrikuntzaren alderdirik garrantzitsuena ez da altuagoa eta zabalagoa egin izana, baizik eta eraikinez kanpo (kale gorrian) zegoen Arriaga plaza (1) estaltzea, atrio gisa eraikin barruan integratzea, argi naturala sar dadin Norman Fosterrek aipatu ohi duen “cipe” (2) izeneko barne-tximinia egokitzea eta, Deustuko zubialdeko lehen sarrera neoklasiko itsuaren horma botatzeaz batera, Arriaga atriorainoko pasabide zuzena asmatzea.
Kontatzea baino bertatik bertara ikustea errazagoak diren hiruzpalau mugimendu hauek erabat aldatu dute museoaren barne-oreka eta bisitariek gogotik eskertuko duten ardatz berria burutu.
Esan beharrik ez, jakina, museoari jarri zaion “txapel” zuria, bueltan bueltan lau haizetara osatu den terraza (700 m2), barnean geratu den parerik gabeko erakusareto galanta (1.500 m2) eta parkeko zuhaiztira begira jarri den Oteizaren omenezko “Abiapuntu” xarmanta… denak ere ederrak direla ederrik bada. Baina eraberrikuntzaren arrakastaren maratila Arriaga atrioaren inguruan mamitzen da, Euterpe (3) musika-musaren magalean.
---ooOoo---
1) Francisco Durriok Arriagaren omenez egindakoa, Euterpe musika eta poesía-musa greziarraren estatua eta guzti.
2) Norman Fosterrek erabiltzen duen terminoa, eraikinaren barrualdea argiztatzeko zein aireztatzeko balio duten hutsune edo tximinia bertikala izendatzeko. Kipularen zentzua omen du.
3) Sortzez, Euterpe musaren estatua bilutsik zegoen. Frankismoak “jantzi” omen zuen bisitarien grinarik lar ez suspertzeko. Baita urez inguratu ere, inor gehiegi hurbildu ez zedin.
1

