Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Amatiño / "Hamnet" filmaren magia

"Hamnet" filmaren magia

Amatiño 2026/03/18 09:55
Magiazkoa da Chloé Zhaoren filma. Baina magikoenak ez dira William Shakespeareren Hamnet semearen heriotza edo Agnes Hathaway emaztearen sendabelarren aztikeriak, baizik eta filmaren azken 20 minutuak, zeinetan Globe antzokian ama jabetzen den senarraren benetako minaz eta Jessie Buckleyk (1) aktoreak jokatzen duen Oscar saria (2) irabazteko besteko interpretazio magikoa.
"Hamnet" filmaren magia

Jessie Buckley

“Hamnet” (3) deritza --Maggie O’Farrellen izen bereko eleberri fikzio-historikoan (2020) oinarritua-- Chloé Zhao zuzendariaren film sarituari, non kontatzen den William Shakespeare eta Agnes Hathaway senar-emazteek elkarrekin bizi izandako hainbat sufrimendu, emakumearen gurasoek ez baitzuten aurrenik ezkontza begi onez ikusi, hamaika urteko Hamnet semea izurriak jota hil zelako, gero; eta, azkenik,  lanaren aitzakiaz senarrak jaioterria utzi eta Londresera alde egiteaz gainera, emaztea beldur izan zelako aitak ez ote zuen semearen heriotza errazegi ahaztu.

Agnesek jakingo du, ostera, semearen izena daraman komedia aurkeztekotan dela William, Londresko Globe antzokian, eta bertaraino joango da, gero eta ezezagunagoa zaion senarra zertan ari den jakin gurarik.

Komedia ez da ordea komedia, tragedia baino, eta antzezlana taula gainean jokatzen den heinean, Agnes konturatuko da antzerkigileak adierazten duen zendutako semearekiko maitasunaz eta heriotzak eragindako min eta oinazeaz. Izan ala ez izan. 

Magikoak dira sufrikarioa zein bozkarioa. Magikoa da Agnesen ezer ez ulertzetik guztiaz jabetzerainoko trantsitoa, eta magikoa senar-emazteen elkarrenganako begirakune urrutikoa baina ez, horratik, urruna.

Eta dena alegiazkoa. Antzerkiaren zinema, fikzioaren fikzioa. Magia magiaren  barruan.

The Globe Theatre

Globe antzoki mitikoan antzeztutako ekoizpena ez da sentsazio magiko horretatik kanpo geratzen. Globe izenari, kasu honetan, “mundu” zentzua zerion. “Totus mundus agit histrionem”  (4) zen antzokiak XVII. mendean bere egindako leloa.

Globe antzokia 1599 urtean eraiki zuen Shakespeareren antzerki-taldeak, Tamesis ibaiaren alboan, antzoki zaharragoren baten zurez, eta bertan taularatu ziren haren antzezlanik ezagunenetakoak, Hamlet ez ezik, baita Romeo eta Julieta, Otelo, Lear erregea, Macbeth eta hain ezagunak ez diren beste hiruzpalau.

Egindako ikerketen arabera, antzokiak hiru lekune nabarmen zituen. Besteak beste: antzezlarien taula, oinezko ikusleentzako patioa eta, bueltan-bueltan, hiru solairutako anfiteatroa, estalia eta eserlekuekin. Patio-gainak ez zuen sabairik, argia sar zedin, ez zegoen-eta aretoa argiztatzeko beste modurik. Oro har, 2.000 lagunentzako besteko lekua zuen.

Antzokia 1613an erre zen eta hurrengo urtean berreraiki. Geroztik, historian zehar edozenbat aldaketa izan ditu eta egungo azken eraikuntza 1997an jasotakoa da, aurrenengoaren berrehun metro ingurura (5).

Oraingo antzokia, eraz eta moldez, ordukoaren itxura berekoa bada ere, ez da Chloé Zhao zuzendariak filmean erabili izan duena, XVII. mendearen ikuspegitik apainduegia-edo suertatuko litzatekeelakoan. Hartara, filma ekoizteko, beste antzoki bat egin zen apropos.

---ooOoo---

1) Jessie Buckley.

2) 2026ko emakumezko aktore onenari Oscar Saria.

3) XVI. mendean Hamnet eta Hamlet izen berbera ziren.

4) "Mundu guztia da jolas-lekua" (Petronio). 

5) Antzez-saiotarako zein bisitatarako irekia.

.The Globe theatre

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Idatzi zortzi zenbakiak erabiliz
Erantzuna:
Aurkezpena

Amatiño

Luis Aranberri Mendizabal