Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Amatiño / Hogei egun gehiago euskarazko lehen liburua ikusteko

Hogei egun gehiago euskarazko lehen liburua ikusteko

Amatiño 2025/12/23 11:15
Euskaraz idatzitako lehen liburua bertatik bertara Baionan ikusi nahi duenak hogei egun (hiru asteburu) baino ez ditu. Bernat Etxepareren “Linguae Vasconum Primitiae” (Bordele, 1545) alea Errobi ondoko Euskal Museoan ikusgai izango baita, urtarrilaren 11 arte, Frantziako Biblioteka Nazionalera berriro itzuli aurretik.

Etxepare Euskal Institutuaren hamabosgarren urtebetetzea dela-eta, munduaren dirauen ale bakarra aurreko urriaren 11an jarri zen jendaurrean, Baionako Euskal Museoan. Gaur egun izan bada merkatuan 2012an txukun asko faksimilez argitaratutako errepika, baina errepika errepika soila baino ez da, eta sortze beretik ia 500 urte oso-osorik iraun duen ala bakarrak badu, berezko balioaz gainera, kopiarik onenak ere inoiz eduki ezin izango dituen xarma eta zirrara.

Linguae Vasconum Promitiae euskal liburugintzaren historian lehenetsi beharreko liburua bada ere, ez da --gaiz eta euskara motaz-- gaur egungo orotariko publikoak irakurtzeko idazlanik aproposena, baina badu zazpi ahapaldi eta beste horrenbeste leloko Kontrapasa, bostehun urteren bueltan euskaldun arruntek ere kantu-kantari erruz abestu ohi dutenak, eta hau ez da inondik ere gertatu ohi izaten nazioarteko hizkuntzarik nagusienen artean ere.

Bernart Etxepareren  Kontrapasa Xabier Letek musikatu zuen estreinako orain hirurogei urte inguru, eta badu, hartara pentsatzen jarriz gero, liluratzen gaituen mezu gomutagarria, Etxeparek bai baitzekien, gezurra dirudien arren, euskaraz sekula burututako lehen liburua idazten ziharduena. Hau da, bera zela aitzindaria. Bera liburua zela euskaraz inprimitzen zen lehena. Bertigoa sentitzeko bestekoa ez ote?

Bertze jendek uste zuten ezin eskriba zaiteien, 

orai dute fogoratu enganatu zirela.

Oraindano egon bahiz inprimatu bagerik,

hi engoitik ebiliren mundu guzietarik

.Baionako merkatua

Guztiak ez du "museo" izan beharrik, larunbat goizean joanez gero, Errobi ibai ondoko merkatu-plaza irekian izan ohi da artzainik,  ardi-esnez egindako gazta saltzen: "gasna azkarra", Etxepare zena bezain baxenabartarra. Ezkerreko zubi barrenean dagoen hiru solairutako etxetzarra da Euskal Museoa. 

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hogei ken bi? (idatzi zenbakiz)
Erantzuna: