Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Amatiño / Haize-erroten hedapen ordenatu, orekatu eta justua

Haize-erroten hedapen ordenatu, orekatu eta justua

Amatiño 2025/07/28 07:45
Euskal Autonomia Erkidegoan bost dira indarrean dauden parke eolikoak: Elgea, Urkilla, Badaia, Oiz eta Punta Luceroko txikerra, Bilboko Portu sarreran. Batere zalantzarik ez gero, euskal erkidegoak beharko lukeen baino haize-errota dezente gutxiago dituela. Baina agian, larriena ez da gutxiegi ote diren edo ez, denak Eusko Jaurlaritzaren 2000 urteko Industria Sailak eragindakoak direla baizik.

Geroztik, hogeitaka urte luzeko hutsune antzua. Bi hamarkada zabal, zeinetan ez den girorik izan gehiagorik egiteko eta, nolabaiteko sasiaurrerakoitasunaren izenean, aitzakiarik harrigarrienak nagusitu izan diren, beti kontra egiteko, eragozteko eta oztopatzeko. Aho bete hortz utzi arren, bere burua energia berriztagarrien argimutiltzat izan omen duen euskal gizartean, beti gailedun izan da “bai, baina” delako argudio hutsala. “Proiektu honi, ez!” Bapo, baina zeini bai?

Uste dut esan daitekeela, inor zehatz-mehatz aipatu beharrik gabe, azken berrogeitaka urteotan gobernu-erantzukizunik izan duten alderdiak betidanik agertu izan direla, ezinbestean, haize-errotak jarri beharraren alde, eta, osterantzean, luzaro euskal erakundeak gutxietsi eta arbuiatu dituztenak kontra azaldu izan direla, behin eta berriz. Hori bai, paradoxa bada ere, aurka jardun dutenak agertu izan dira, lotsa handirik gabe, energia berriztagarrien babeslerik amorratuenak balira bezala eta, aldi berean, haize-erroten alde daudenak, ordea, energia fosilen defendatzaile gaiztotzat jo.

Baina, urteak joan eta urteak etorri, energiaren eskakizuna gero eta handiagoa izateaz gainera, ahal den neurrian tokian tokiko energia ekoiztu beharra hil ala bizikoa den abagunean, hona non EH Bilduk amaitu duen bere barne-prozesua, zeinean nagusitasun zabalez (%76,67) onartu baita 50 orrialdeko Bizigintza deritzan txostena, irailean egitekotan den Konferentzia Politikoan oinarrizkotzat hartuko dena, “lurralde osoan trantsizio energetiko justu eta ordenatua” proposatu ahal izateko.

Txostenaren arabera, azkenean EHBildu jabetu da, nonbait, “ez dagoela energia iturririk –-ez beste inolako jarduerarik—ingurumenean inpakturik sortzen ez duenik. Eta berriztagarriak ez direla salbuespen”. Jakin ere jakin du, antza, “azterketa ezberdinek agerian uzten dutela ez ginatekeela egun kontsumitzen dugun energiaren %15 ekoiztera iritsiko”, eta, gainera, ez dagoela arazoa sekula sekulorum atzeratzerik. Antza, ez du zalantza izpirik ere, txostenak zehatz-mehatz aitortzen baitu: “Orain izan behar da, denbora agortzen ari da”, ezer ez egitea, esne-berbetan geroko gerotan atzeratzea, arazoa latz larritzea baino ez litzatekeelakoan.

Honezkero bideratua beharko lukeen ataka gaiztoan zer egingo eta, konturatu bide dira “ekoizpen zentroak kontsumo puntuetara ahalik eta gehien gertura behar” direla. Txostenak ez du ezelango langarik adierazteko “gure ezkerreko kultura politikoan kontua ez da zer esaten den, zer egiten den baizik”. Eta, itxura denez, ez dago duda-mudan, orain arte gogoan hartu nahi izan ez den pedagogiari ekin beharko zaiola eta “herritarrak energiarekin erlazionatutako gaietan hezi” behar izango direla.

Bizigintza txostenak ez du adierazten zergatik azken bizpahiru hamarkadetan ez diren txostengileok jabetu denbora ahitzen ari dela eta zergatik uko egin zaion autosufizientziaren eskasia nabarmena salatzeari. Orobat, zer dela-eta orain arte ez diren lehenetsi kontsumotik gertuko ekoizpen zentroak eta zergatik kontrakorik aldarrikatzen zutenen artean ez den pedagogiarik denboraz egin nahi izan. Azken batean, zergatik ezkerrak ez duen orain arte sumatu garrantzitsuena ez dela zer esaten den, zer egiten den baizik.

Baina, tira, inoiz ez omen da lar berandu. Eta txosten-jarraitzaileek barneratzen baldin badute, behingoz, sistema demokratikoetan, zer den “hedapen ordenatu, orekatu eta justua” legebiltzar-jokoaz baizik ezin dela segurtatu… gaitz erdi! 

enpresabidea

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Idatzi zortzi zenbakiak erabiliz
Erantzuna: