Guztiz gomendagarria
Beti joateko, beti joateko, sekula parean tokatu ez eta, azkenean, dsanba, barrura. Erreferentziak onak nonahi dituen filma da “El secreto de tus ojos” eta, Zinemaldiaren jarraitzaile sutsuei jaramonik egingo badiegu behintzat, Donostiatik esku hutsik alde egin behar izan zuena zertxobait baino gehiago merezi arren. Aspaldiotan zine argentinarrak gogotik dihardu.
Luzetxo samarra, behar bada, eta amaiera déjà vu (non? noiz?), agian, baina bigarren aldiz ikusteko batere alferraldirik eragiten ez duen filma, azken sekuentzietan protagonistak --"panfiloa", bakardadean-- bere kautan egiten duen feedback labur bezain azkarraren ildo beretik edo. Ricardo Darín, guztiz sinesgarri, Soledad Villamil benetan erabatekoa eta Guillermo Francella ezin hobeto. Futbol-estadioaren tribunapeko azken travelling lasterra, berriz, golak bezain sarri errepikatzeko modukoa.
Ez du zentzurik aurreko irailean Donostian estreinatu zen filma Errege Egun bezperan deskubritzen hasteak baina bizpahiru hilabetetik behin baino zinera joaten ez zaretenok apuntatu aukeratu beharreko pelikulen zerrendan.
Soledad Villamil, Ricardo Darín eta Juan José Campanella, irailean Donostian
Ikusteke dudanetako bat da; sarrera irakurrita ezinbestekoa izango da ikustera joatea.