Hildakoak erre eta zaborrak ehortzi
Errudunik ere bada. Batetik, donostiarren berekoikeria, zaborrik gehienak eurak eragin arren, beraien hondakinen ardura inorena balitz bezala. Bestetik, printzipioetan galtzen diren ekologistak, beti ere eguneroko erantzukizunei uko eginez. Eta, hirugarren, hainbeste demagogiari aurre egiten ausartzen ez garen gu guztiok.
Errausketa ez da segurutik erabateko soluzioa, baina bai gaurko teknologiaz sistemarik aproposena. Europar arauek ere lehenago hobesten dituzte erraustegiak zabortegiak baino. Eta, txarrenean, kutsagarriagoa da 130.000 tona zakarren kamioi-trafikoa, edozein erraustegiren isuria baino.
Garbi gera bedi gero: urteak joan eta urteak etorri, errausketa eragozten aritu izan diren donostialdekoek ez dute inoren laguntzarik merezi. Alderantziz, merezi izango lukete hurrengo bost urtean ozta-ozta jardun beharra, zaborrak non ezkutatu asmatu ezinik.
Milaka urteko zibilizazioaren ondotik, gizakiok ikasi dugu zakarrak erre egin behar direla eta hildakoen gorpuak, berriz, ehortzi, lurperatu. Orain, ostera, progresia faltsuaren izenean, gorpuak erre egin nahi dira eta zakarrak lurperatu. Guztiz aldrebes alegia.
Goiz kronika. Euskadi Irratia, 2008.05.13