Globoz
Zihuri (Zihur uri, Zubi uri?), Tirgo (Autrigoi) eta Sajazarraren (Saggazahar, Zagazabar... ) artean inoiz globoz zeruratu nindekeenik ez dut gero sekula imajinatu ere... Ez inguru horretan eta ez inon, jakina. Baina horra non, abuztuan barrena aukera-maukera suertatu eta... zergatik ez?
Hasieran beldurrik edo ardurarik ematen du baina, globoa omen da sekula gizadiak asmatu duen ibilgailurik arinena eta, gezurra dirudien arren, seguruena.
Zenbaitek pentsa lezake hor goian ikaragarrizko haizeak jo behar duela. Baina, bai zera, dagoenik ere ez da sumatzen, norbera haizearen beraren abiada beretsuan doa-eta, ezin bestean.
Mundua isila eta geldoa da hor goitik ikusita. Gertatzen da, ordea, ez dagoela goian geratzerik. Berandu baino lehen, errealitatea behean dago.
Haizeak dakarrena, haizeak darama.
Egunsentiak lotan harrapatu du, antza, haizezko herensugea
Errioxa Garaiko mahastien gainetik abiatu
Lehen hodeietan islatzen den gerizari "Gloria" efektua deritzaio, hezetasunak nolabaiteko ostadarra sortarazten duenean
Hodei-itsasoan barrena, San Lorenzo (2.271 m.), Errioxako gailurra
Berriro, beherantza, Sajazarrako (Saggazahar, 1075) gaztelua
Non lurrartuko eta, baserri-bide erdian