Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Amatiño / Gizakia hilkorra da eta izango, beti

Gizakia hilkorra da eta izango, beti

Amatiño 2021/04/30 11:15
Hainbat zientzialariri harrigarri iruditu arren, Inuiten hiztegian ez dago “denbora” adierazteko hitzik. Euskaraz bai, ala? Fisikak zein filosofiak jakinarazten digute denborarik ez dela, gizakiok asmatutako fantasia besterik ez dela. Hala ere, antza, inon bada, denbora biologikoak, bederen, zahartu egiten gaitu-eta.

Arrazoiz edo hainbarik, Aristoteles, Newton, Einstein eta Planck milaka ordutan aritu ziren denboraren nondik norakoa aztertu eta azaldu nahirik. Auskalo denborarik ba ote den, baina, izatekotan, sortu, orain dela 14.000 milioi urte sortu zen, unibertsoaren jaiotzarekin batera.

Carlos López-Otín biokimikoak eta Guido Kroemer biologo zelularrak elkarrekin idatzi dute “El sueño del tiempo. Un ensayo sobre las claves del envejecimiento y la longevidad” delako saiakera, non, 300 orrialdetan barrena, zientzialari biak pasatzen diren big-bang delakotik, Homo sapiens sapiens-en oinarrizko muga biologikoetara. Bi partetan: “El tiempo del mundo y el tiempo de la vida”, bata. Eta “El envejecimiento y la longevidad”, bestea. Liburuak merezi du erostea lehen parteagatik soilik, nahiz, irakurri, dezente errazago irakurtzen den bigarrena, praktikoagoa suertatzeaz gainera. 

El envejecimiento y la longevidad

Gizakiak betidanik nahi izan du ahalik eta urterik gehien bizi. Hilezkortasunaren guraria duela 4.000 urteko epopeia mesopotamiarretan aipatzen da estreinako. Halaber, geroxeago, Egiptoko papiroetan edo greziar mitoetan. Zientziaren aldetik, Francis Bacon (1561-1626) filosofoak nolabaiteko metodologia zientifikoa formulatu zuen bizitza luzatzeko eta René Descartesek (1596-1654) zahartzaroaren teoria metaboliko eta mekanikoa burutu.

Urteak joan eta urteak etorri, zientziak ez du bizitza luzatzeko erremediorik aurkitu, baina XIX. mendetik aurrera munduan barrena jakinekoa da higieneak eta elikadurak  erruz baldintzatzen dutela bizitzaren luzapena.

Datuak ezin adierazgarriagoak dira. 1900 urtean, batez beste, gizakia 30 urte bizi ahal zen; 51 urte, 1950 urtean eta 73, berriz, 2019an. Herrialde txiroetan ez ezik, baita aurreratuenetan ere. Japonian, esaterako, 44, 60 eta 86 urtekoa izen zen batez besteko bizitza, 1900, 1950 eta 2019 urteetan.

XX. zein XXI. mendeko gizarterik modernoenek, antzinakoenek bezalaxe, gero eta urterik gehien bizi nahi dute, eta, antigoaleko mitorik ezean, teknologia jarri dute soluzioen aldarean. Horra kriogenizazioa, nanorrobotak, organo-txertaketa, organo bioartifizialen sorrera eta mentuak, zelula-fabrikazioa, ziborgen proposamena… Teknologiak, teoriaz behintzat, joko asko eskain dezake. Hala ere, egiazko orduan, honako bi zientzialarion ondorea bestelakoa da: “Pese a los prometedores avances de los últimos tiempos, hoy no existe ningún tratamiento clínicamente probado que sea capaz de dilatar o revertir el tiempo biológico en humanos”.

Izan ere, medizina guztien gainetik eta teknologia guztien azpitik,  egungo zientziak bizitza luzatzeko azaltzen dituen errezetak Amatiñoneko aitxitxarenak (Ciriaco Mendizabal, 1988-1960) baino ez dira: ez loditu, mahaitik gosez jaiki, kaloria gutxi, produktu freskoak jan eta elikagai prozesaturik, ostera, ez;  ezta alkoholik, tabakorik edo drogarik ere; oinez ibili, norberaren barne-orekari eutsi, egunez bizi, gauez lo eta ordutegia zaindu.

Azkenik, zientzia fikzioari nolabaiteko atexkaren bat ireki samar laga gurarik, zientzialari biek zera dioskue: “Pasará mucho tiempo antes de que un elixir del tiempo duplique la duración de la existencia humana, si es que tal proeza es posible mientras mantengamos un sustrato biológico mayoritario en nuestro cuerpo de Homo sapiens sapiens o de Homo sapiens sentiens".

Beste modu batez esanda, gizakia, gizaki jakitun eta sentikor dirauen artean, hil egingo da, beti.

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Idatzi zortzi zenbakiak erabiliz
Erantzuna: