Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Amatiño / Giza-sorginorratza, leihotik sartuko beldurrez

Giza-sorginorratza, leihotik sartuko beldurrez

Amatiño 2025/07/19 10:27
Leihoak itxi behar izan ditut, eguraldi onak erakarri ohi dituen "giza-sorginorratzak" etxe-barruraino sartu ez dakizkidan. Hala ere, ikaragarri politak, aurrez aurre, zinbili-zanbuluan. Edo zirkun-zarkun, Jokin Zaitegik esan bezala.
 Giza-sorginorratza, leihotik sartuko beldurrez

Giza-sorginorratza, Deban

Munduan, odonatu intsektu-klase barruan, 5.600 inguru espezie daude. Horietarik 55 Euskal Herrian, %1 beraz. Kristoren ehunekoa gero, ez dakit nik gurean, munduko %1 lain izan ote gaitezkeen beste edozein arlotan (1).

Euskal hiztegia ez da batere zekena intsektu-klase hau bataiatzerakoan, tximeleten izenak bezain ugari ez badira ere. Batez beste, hogeiren bat era-edo badira han-hemenka, intsektu-mota hau izendatzerako orduan.

Hala ere, oro har, laburbilduz, bi dira nabarmenenak: sorginorratza (Zygoptera) eta burruntzia (Anisoptera). Bigarren hau bizkorra da, geratezina eta sekula sosegurik ezagutzen ez duena. Sorginorratza, aldiz, lasaiagoa, bareagoa, patxada handiagokoa. Hartara, nire etxaurrera hurreratu ohi direnak, ezer izatekotan, gehiago dira giza-sorginorratzak, giza-burruntziak baino.

Batak zein besteak, hiztegi arrunt eta orokorretan ezezik, merezi izan dute aipamen eta azterketarik euskal zientzielarien zabalkunde-esparruan, Kepa Altonaga biologo eta idazlearen artikuluak (Elhuyar) kasu. Baita Jokin Zaitegi izan zenaren olerkirik ere, non-eta El Salvadorreko oihanetan, orain zortzi hamarkada burututakoak, esaterako.

Hona Arrasateko semeak (1) paratutako bost ahapaldietatik lehen hiruak:

 

Sorginorratza 

Eguzkitan zakusdan sorgin-orratz urdin! Aizek eta basoak ez aunate muxin:

an-or-emen diardun loreño egarin, zirkun-zarkun dabillen ametsa dirudin.


Atzeman gale aunat baso-andere eder: ire soiña eguzkik dirdaitsu darager.

Osiñetik basora bazterrikan bazter,  oa eltxoen billa, ameslari lander.


Errekaren azalak goiz-argitan dirdai: iperloka dabil gaur eguzki beti yai.

Mari-burduntzi barnez sentitzen du aznai, zorionaren gosez egazka noranai.

---oo0oo---

1) Besteak beste, euskararen presentzia Wikipedian handiagoa dateke.

2) Jokin Zaitegi. Josemari Velez de Mendizabal, 1981

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Idatzi zortzi zenbakiak erabiliz
Erantzuna: