Iputzaneko Gaylak, 1000 urte.
Nonbait, Gayla de Iputzaren jatorrizko ondasunak Tolosaldetik itsasoraino iristen ziren, Aian barrena, XI. mendean. Baina “IPUSCUA 1000 URTE. Ipuscuatik Gipuzkoara, 1025-2025" erakusketan azaltzen denez, XIII. menderako lurraldeak oraingo Gipuzkoarik gehiena hartzen zuen, Bidasoaldea eta Bizkaialdeko Debarroa-edo izan ezik. Hain zuzen ere, erdiguneko “ipus” (Iputz) hori da mila urte geroago giputzez hitz egiten duen lurraldea, ekialdean nafarrerak eta mendebaldean bizkaierak indarrean dirauten artean.
Ez pentsa gero, “ipus-coa-coa” errepikapen hau Gipuzkoako kasuan bakarrik ematen denik. Beste horrenbeste gertatzen da Aezkoan, non bertakoak ez diren Aezkoakoak --ez eta aezkoeraz ere hitz egiten--, baizik eta aetzak diren eta aetzeraz mintzo diren.
Gipuzkoaren eta Aezkoaren artean alderik bada, ordea. Gipuzkoan giputzek ez dute honetaz hitz egin nahi izaten, Aezkoan aetzek nabarmendura hori aldarrikatzen duten bitartean: “Hortaz gain, behin eta berriz Aezkoako biztanleak aezkoarrak garela aditu genion eta, egia errateko, hori entzuteaz asperturik gaude. Aezkoako jendea aetza da”. Eta, Euskaltzaindiari jaramonik egingo badiogu, aetzeraz hitz egiten dute, ez “aezkoeraz”.
Giputzek, ordea, Ipuçchako Gaylaren mila urteko zilaz harrotu beharrean, gutxiespen edo mespretxutzat hartzen dute harako jatorria. Ez dute, nonbait, euren burua eroso sentitzen, "giputzerria" gutxitzat jota-edo, milurteko amandreak zertaz lotsatu balu bezala.
Izan ere badira maila hotsandiko hiztegiak, gai honetaz batere asmatzen ez dutenak. Esaterako, “giputz” hitzaz galdetu eta Elhuyarren agintaritzak zera dio: “Beste probintzia bateko herritarrentzat soilik: guipuzcoano” (5). Ba ez, Gipuzkoatik atera gabe ere bada “giputz” eta “gipuzkoar” adierak bereizten dituenik.
Toribio Etxebarriak bere hiztegian (6) jartzen duen adibidea ulertu besterik ez dago: “Giputzanian (7) eiñ genduan zuk diñozun afarixa”. Hau da, eibartarrok euren burua gipuzkoartzat jo arren, bazela ostatua, non ugazabak, gipuzkoarra izateaz gainera, giputza zen eta giputzez egiten zuen, afaltzeko biltzen ziren eibartarrek ez bezala.
Giputz guztiak dira gipuzkoarrak, baina gipuzkoar guztiak ez dira giputzak. Aferak ez du honezkero konponbiderik, baina beldur naiz ez ari ote garen, beste behin, kanpotarraren ezjakintasuna lehenesten eta bertako etxekoandreak ordezkatzen duen senari muzin egiten.
1) Gipuzkoa hitzaren lehen idatzizko erreferentziaren mila urteak ospatzeko erakusketa, Donostiako San Telmo museoan.
2) Gayla de Iputza. Hartara, Iputza zen jatorria. Haren nebak, Eneko eta Muno ziren.
3) Zer pentsatuko genuke inork "Zarauzkoak" "Zarauzkokoak" bihurtuko balitu eta Bizkaiko Jauna "Bizkaikokoa" bilakatuko balitz?
4) “La primera guipuzcoana de nombre conocido”. Marrazkia erakusketatik jasoa da.
5) Labayru Hiztegiak ez du horrelakorik esaten.
6) Lexicón del Euskera dialectal de Eibar. Bilbao, 1965.
7) Giputzaneko jatetxea. "Txikitxo bat Isasixan, 'Giputzanekua' esaten gentsana. Tabernatik aparte, zine-teatro modukua be bazan. Tabernia eta frontoi txiki bat bazan bertan, nun zinia botatzen zan (Eibarko euskera-hiztegia).