Getaria 22 – Deba 0
Piano eta flauta kontzertu landua eskaini ziguten aurreko asteburuan, Lapurdiko Getarian, Misaki Baba eta Charlotte Vanouche musikariek. San Nikolas eliza (XVI. mendekoa) Iparraldeko politenetakoa da. Xarma handiz eraberritua, agertoki ezin aproposagoa da udaldiko kontzertuak bildu ahal izateko.
Debako klaustroa ere ez txantxetako lekua uda-kontzertuak bertan eskaintzeko. Hainbat hamarkadaren ondotik guztiz klasikoak dira honezkero abuztuko osteguneroko emanaldiak eta ildo beretik burutzen ari dira, aurten, Pablo Sorozabalen heriotzaren hogeita bosgarren urteurrenean.
Konparazioak gorrotagarriak omen direnez gero, ez gara hasiko Getariako eta Debako egitarauen eta musikarien mailak elkarrekin alderatzen, batekoak zein bestekoak antzerakoak direlarik, gainera. Hala ere, bada bien artean alde nabarmenik, alegia: Getariako sarrerak 22 euro entzuleko eta Debakoak, aldiz, doan, urtero bezalaxe
Alde ikaragarria gero. Segurutik Getariakoa izugarri garestia da eta, aldi berean, Debakoa lar merkea. Nago, bi prezioen arteko horren alde handia nekez leporatu dakiekeela programei eta bai, ordea, Bidasoaz haraindiko eta honaindiko gizarte-molde berdinezei.
Seguru asko Iparraldean ez dute hemengo toki-administrazio eskuzabalik edo “oro-ordaintzailerik”, eta Hegoaldean ez ginateke hainbat kultura-ekitalditara joango ipartarrek beste ordaindu beharrik bagenu.
Edozein modutan, zein dateke, bietarik, gizarte aberatsagoa?
Piano eta flauta kontzertua, Getariako San Nikolas elizan