Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Amatiño / Gero eta txirrindulari profesional gutxiago

Gero eta txirrindulari profesional gutxiago

Amatiño 2026/07/31 16:20
Txirrindularitzaren historian 113 Tour, 109 Giro eta 80 jokatu dira. Baina aurtengo Tourrean sekula gertatu gabekoa jazo da: Frantzia, Italia eta Espainiako ezein txirrindularik ez du etaparik irabazi. Paradoxa: gainbehera nabarmen hau gertatzen ari da, hiru Estatuotako errepide, zidor eta bidegorrietan inoiz baino txirrinduzale gehiago biltzen den garaian.
Gero eta txirrindulari profesional gutxiago

Jesus Loroño, Galibier. Frantziako Tourra 1953

Txomin Perurena. Legazpi, 1959
Legazpi, 1959. Sei txirrindulari gazte zain noiz lasterketa hasiko. Gaztetxoena, ezkerretik bigarrena, Txomin Perurena (6), 16 urte besterik ez zituen eta bere lehen dema izan zen. Harrezkero 158 garaipen lortu zituen.
Frantzian Tourra korritzen ari zen bitartean, neska-mutilentzako kirol-kanpusak eratu dira hainbat euskal herritan, eta antolatzaileak beste behin jabetu ahal izan dira, gero eta gehiago direla bizikletan ibiltzen ere ez dakiten ikasleak. Gure garaian bazen igerian ez zekien eskolakiderik, baina nekez gero, bizikletan ibiltzen ez zekienik. Orain aldrebes gertatzen da.

.

Joane Somarriba
Joane Somarriba, 2003. Erlojupeko Mundu-txapelduna.

Umeteriak ez dio nonbait bizikletan ibiltzerari ekiten, lehen eta behingoz guk ez genuen makina bat kirol-aukera gehiago duelako… soinetik kendu ezinezko telefonoaz gainera. Baita, behar bada, ikasiko balute ere, gurasoek nahiago luketelako autoz jositako kale eta bide bazter arriskutsuetan ibiliko ez balira. Gainera, kirol gutxi gero, txirrindularitzak eskatzen duen besteko astirik behar duenik.

Ziklismoa erabat aldatu da azken urteotan. Eskolaume hasiberriak eta txirrindulari profesionalak erabat ihartu dira, 30 eta 50 urte arteko zaleak loratu diren bitartean. Txirrindularitza ez da gaur egun, ez neska-mutikoen jolasa, ez eta profesionalen lanbidea ere, helduen aisialdia baino.

Esango nuke, gainera, eskola, aukera, jolasa, lanbidea, aisia, zailtasuna eta era horretako faktoreez gainera, badela, gurean behintzat, kontuan hartu beharreko fenomeno soziologikoa. Aztertu bai, azken hiru belaunaldietan izan diren 25-30 txirrindularirik onenak (2) eta, Donostia edo Gasteiz hiriburuetan jaiotako bizpahiru izan ezik, gainerako guztiak herritako semeak dira (3).

Euskal gizartea nabarmen “hiritartu” da azken hiru hamarraldiotan. Segurutik komunikazioak erabat hobetu dira autoz, autobusez edo trenez ibiltzeko baina, agian, ez bizikletari propio legokiokeen norabidean. Zenbaitek esango du inoiz baino bidegorri gehiago dagoela, baina bidegorriek zaleen aisialdia erraztu dezakete, ez profesional berriak eragin. Beste horrenbeste esan genezakeen kirol-zerbitzu publikoez. Polikiroldegi-sareari ezin zaio aitzakia-maitzakiarik jarri, baina horrek ez du esangura txirrindularitza suspertzeko biderik onena denik.

Gaur egun txirrindularitza nazioartekotzen ari da. Frantzia, Italia edo Espainiako gizarte-eredu erosotik kanpo hezitako txirrindulari-andana azaltzen ari da Europa Ekialdean, Ameriketan edo Australian. Behar bada, ez da gehiago izango Coppi (4Anquetil eta Bahamontesik, ezta Loroño eta Indurainik ere, Fagor, Kas edo Euskaltel talderik egongo ez den bezala.

Emakumeen txanda

Negar zotinka ez amaitzeko, baten batek galde dezake: bai, baina orduan nola ulertzen da emakumeen txirrindularitzaren goraldia? (5). Ba, behar bada, eurak direlako “gazte” geratzen zaizkigun bakarrak, bide ezezaguna urratzeari irrikaz ekin nahi izan diotenak, esperientzia berrien gose direnak, konfortari muzin egin eta, oraindik, ahaleginari zein kemenari eusteko prest daudenak. Beti ere ahazteke, jakina, Laboral Kutxa-Euskadiren aterpea eta babesgunea, eta ez naiz publizitate merketan ari.

---ooOoo---

1) Eskubaloia, saskibaloia, patinetea, padela, igeriketa, eskalada-murrua etab.

2) Hobe inor ez aipatzea, inor mindu ez dadin.

3) Eta Errenteria, Santurtzi, Lasarte edo Durango izan ezik, herri txiki samarrekoak gainera, alegia: Larrabetzu, Gernika, Otxandio, Iurreta, Ispaster, Berriz, Igorre, Mujika, Galdakao, Oiartzun, Itsasondo, Ormaiztegi, Anoeta, Itziar, Usurbil, Dura, Murgia, Atarrabia edo Bera bezalako herrietan sortuak. Eta ez “oraingo” herri horietan jaioak, orain 50, 40 edo 30 urteko izen bereko herrietan baino.

4) 1959ko Espainiako Vueltan, Eibar–Gasteiz erlojupeko etapa izan zen. Eskolan jai eman ziguten eta  Ipurua aldera abiatu ginen, Kaskarrengua baserri-barrenera, noiz Fausto Coppi mito handia Elgetara igotzen ikusiko. Bere azkenetan zegoen (40 urte zituen eta hurrengo neguan hil zen) eta, laguntze aldera-edo, bultza egin genion. Bizikleta gaineko jainkotzat genuenak, berriz, saiheska begiratu eta esan zigun: “grazie”.

5) Orain 30 urte Joane Somarribak ireki eta zabaldu zuen bidetik.

6) Txomin Perurena, 1943-2023.





Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Idatzi zortzi zenbakiak erabiliz
Erantzuna:
Aurkezpena

Amatiño

Luis Aranberri Mendizabal