Geriza, eguzkiaren itzala, ala geriza bera ote eklipsea?
Hiru aipatu daitezke. Lehenik, eguzkiaren argitasuna hain indartsua da eze, %99,9ko eklipse partziala aski dela iluntze nabarmenegirik ez sumatzeko (1). Eta sumatuko ez bada, inondik ere ez belaunaldien arteko memorian gordetzeko besteko fenomeno larria. Are gutxiago, ipuin zaharretan islatzeko eta ezelango tradiziorik sortarazteko. Zer esanik ez hedabideen lekukotzarik gabeko gizarteetan.
Justo M. Mokoroak badu 3455 orrialdeko bilduma (2), non 92167 euskal esaldi jasotzen diren. Denetariko arloak eta gaiak biltzen dira, baina 91603.era heldu behar izan dut (3) honako hau irakurtzeko: “Eguzkiak ta illargiak elkar jotzean, illuna; argi geiegiak duena”. Hartara, esakune bat edo beste baino ez, hainbat mendetako ahozko literaturan.
Gerizatu
Erabateko eklipserik inoiz gutxitan gertatu izanak --eta gutxiago, berriz, belaunaldi berean-- zaildu egin du eklipsea berariazko euskal izenaren jabe izan ahal izatea.
Euskal erreferentziarik nabarmenenak kontuan hartuz gero, Iparraldetik Bizkairaino eta XVI. mendetik aurrera oraintsu arte, itzalaldia eta ilargi-itzala eta eguzki-geriza izan dira molderik arruntenak (4). Azken urteotan, berriz, gero eta sarriago azaltzen da –eskola, irrati-telebista eta Euskaltzaindiaren bedeinkapena tarteko-- eklipse izen greziarra, itzalaldia hitzaren pareko.
Hala izan beharko du segurutik, baina Joan Corominasen hiztegian (5) begiratu eta, ez ustean, XVI. mendean eklipsearen gaztelaniazko molde zaharrarekin topo egin dut. Eta, hara non, Cervantesek cris herrikoia jarri omen zuen Sancho Panzaren ahotan, gailego zaharrez ecrisi (oso iluna) zen eta dokumentatuak daude, XVI. mendean, eclipsar eta escripsado moldeak eta crisarse el sol esaldia.
Are gehiago, nire harridura zein noraezakoa, crisarse aditza oinarritzat hartuta, Corominasek ondorio honetara heltzen da-eta, hitzez hitz: “De aquí el vasco gerizatu, 'resguardado', 'protegido', geriza ‘sombra’, ‘abrigo’. Michelena, BSVAP XVIII, 1962, 95.
Zer esan nahi du “de aquí” horrek? Ez du gero Corominasek adierazi nahi izango ‘eclipsarse’, ‘ecrisarse’, 'crisarse' eta gerizatu bilakera bereko esangura berberak direnik, ezta? Hartara, jatorriz, geriza eklipsea bera izango litzateke, eta ez eklipsearen itzala. Eta ez balitz, zertara dator beharrik gabeko lotura hori?
–--oo0oo---
1) Aranzadi Zientzia Elkartearen datua.
2) Repertorio de locuciones del habla popular vasca. (Bilbo, 1990).
3) Esan gabe doa 3455 orrialdeko 92167 esaldiak ez ditudala banan banan irakurri, gaiz gai eta zeharretara baino.
4) Ez Azkuek (1905) eta ez Lhandek (1926) ez dute "eklipse" sarrerarik jasotzen. Azkuek, Duvoisin aipatuz, "itzali" biltzen du "eclipsar-éclipser" esateko. Baita Lhandek ere, baina Duvoisin aipatzeke.
5) Diccionario Crítico, Etimológico. Castellano e hispánico. Gredos, 2001
- Eklipsearen zain
