Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Amatiño / Geografia, ekonomia eta ideologia

Geografia, ekonomia eta ideologia

Amatiño 2010/04/28 17:17
Ostikoak, matrailekoak eta ukalbilkadak lekuko, Ukrainako legebiltzarkideek mutur-joka amaitu zuten atzo, Errusia dela eta ez dela. Zenbaitek esango du jende beroa dela ukrainarra. Beste hainbatek esan lezake, ordea, ez dela bero-kontua, hotz-kontua baino. Negualdean gasik gabe geratzearen beldurra, alegia.

Egia da, bai, ukrainar arima bitan banatua dagoela, eta parte bat errusiar samarra den artean besteak Europar Batasuna duela helburu. Egia ere bada Ukrainaren historia gatazkatsua mila urte zahar dela, baina gas-auziak bospasei  urte eskas baino ez ditu, 2005eko azken hondarrean Ukrainako gobernuak Europa aldera jo zuenetik eta Errusiak, berriz, zera erantzun: “Bapo, oso ondo, erabat libre zarete nahi duzuena egiteko, gure aldetik batere eragozpenik ez, baina hemendik aurrera, europarrak izan nahi duzuenez gero, gasaren prezioa ere Europako merkatu-prezio berbera izango da. Ez gehiago, baina ezta gutxiago ere”.  Une hartan konturatu ziren ukrainarrak gas errusiarrengatik ordaintzen ari zirena Europan balio zuena baino lau aldiz merkeago zela.

Ukraina Sobietar Batasunaren parte zenean egindako hodi-azpiegituraren arabera, errusiar gasa Ukrainan zehar barreiatzen da Europaren baitan. Eta hodiak, nolabait esateko, sare bi ditu: bata Ukrainako bertako premiei erantzuteko eta bestea, berriz, Europaraino iristeko.

Oreka politiko hau erabat hautsi zen 2005eko negu-hasieran, Ukrainaren arima europartu ostean Errusiak zerbitzu-kanila itxi zionean eta Ukrainak, hotzaren hotzez,  Europarantza doan hoditik lapurtzen hasi zenean ezin bestean.  Galdetu, bestela, negu gorritan gas urriaz geratu ziren Eslovakia, Austria edo Txekiari

Geroxeago gauzak baretu ziren, nolabait, nahiz eta bi aldiz gehiago ordaintzea onartu zuen ituna “nazio-traiziotzat” jo Ukrainako Parlamentuak eta, ondorioz, gobernu osoa aldarazi.

Baina betiko baina, zer gerta ere Ukrainak Errusiaren gasa behar du eta Moskuk ondotxo daki premia horren berri. Oraingo honetan zera proposatu dio Errusiak Ukrainari: “Sebastopolgo portuaz baliatzen beste hogeitabost urtez lagatzen badidazu, nik gas-zerbitzua segurtatuko dizut eta, gainera, %30ko beherapenaz.”  Hainbat ukrainarri ez omen zaio hitzarmena gustatu eta onartezinezko ametotzat jo dute. Behar bada, udaberria denez gero, arrazoi dute. Beste kontu bat da zer esango ote lukete udazkena balitz.

Ukraine Russia Fleet

Ukrainar legebiltzarkideak atzoko bilkuran

Energiaren triangelua

Energiaren triangelu estrategikoak hiru baldintza bete behar omen ditu: segurtasuna, lehiakortasuna eta iraunkortasuna.

Ez dakit nik ingurumen-iraunkortasunari dagokion erpina betetzen ote duen Ukrainako energiak. Baina bistan da gero ez dituela beste biak betetzen. Etorkizun latza, beraz.

 

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hogei ken bi? (idatzi zenbakiz)
Erantzuna: