Gaviota, Bermeoko gas-lastaira, bikoiztu egingo da
Miaketak 1972n hasi ziren, gas naturala 1980an aurkitu, egun zutik dagoen plataforma berbera 1986an hasi ekoizpenetan, eta ondoko zortzi urteetan 10.000 milioi metro kubiko atera ostean erabat hustu. Hurren urtean, 1995an gas-hobiaren birmoldaketa egin zen eta Aljeriatik ekarritako gasa gordetzeko biltegi bihurtu. Sekula Europan egin zen aurrena.
Helburua, urtean zeharreko eskari-eskaintzen arteko orekarik ezari erantzutea da, “lastairarenak” egitea alegia, gas-sistemaren hornikuntza segurtatzeko. Udan bete egiten da eta neguan, berriz, kontsumoak eskatu ahala atera.
Matxitxakotik zortzi kilometrora, plataformatik itsasgainera ehun metro inguru pasatutxo daude; itsasoak beste horrenbesteko sakontasuna du bertan eta itsas hondotik lurpeko gordailura, berriz, 2.200 metro.
Plataforma gainean hogeita hamarren bat lagunek lan egiten dute. Helikopteroz joaterik baino ez dago eta denetarik da bertan, alkoholik eta tabakorik izan ezik.
Atzo iluntzean, Debatik hartutako argazkia. Berrogei kilometroko tartea, hor nonbait