Gasteizko jaiotza, mundukorik handiena
Gasteizko jaiotza omen da munduko belenik zabalenetakoa eta kalez kale oinez paseatzeko aukera ematen duen bakarrenetakoa.
Aurrenengo bider 1962ko Gabonetan ireki zenean --zero azpiko 18 gradu besteko hotz galantaz--, oinarri-oinarrizko portalea baino ez zuen belenak artean: Jesus haurtxoa, Jose, Maria, mandoa eta idia. Geroztik, urtez urte gehitzen eta zabaltzen joan da, Gasteizko bertako belenzaleen eraginez eta dirulaguntzaz.
Gaur egun 200 inguru irudi dira 30 agertokitan barrena sakabanatuak: ezin besteko Herodes eta hiru Errege Magoez gainera, ohiko artzainak, haizkolariak, nekazariak, harakinak, errotariak, arrantzaleak, gaztagileak, zeramikagileak, Erromako soldaduak… baita beste ehunen bat abere (txakur, oilo, ardi, ahuntz, txerri, asto, zaldi, ahate…) eta eraikin (borda, errota, korta, ola, basetxe, gaztelu…) ere, dagokien tresneria apropos guztiarekin batera.
Datorren urterako bi ekimen berri ari dira oraingoz prestatzen. Batetik, Olentzarori leku egin nahi zaio, oraindik batere argi ez dagoen arren non eta zelan kokatu. Bestetik, Belenzaleen Biltzar nagusiren bat antolatu nahi omen da Gasteizen eta, aukeran, Udalak nahi luke Floridako belenaren erreprodukzio txikiak egin, nolabaiteko izarian, gasteiztar bakoitzak kopiarik izan dezan etxean.
Gasteizko Florida parkeko jaiotza, bertatik bertara
Portalea
Erreka-bazterra
Errementeria
Lekua da, benetan aproposa