Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Amatiño / Garrantzitsuena ez da aditza, aditzondoa baizik

Garrantzitsuena ez da aditza, aditzondoa baizik

Amatiño 2023/06/01 11:30
“Think again” (Pentsa berriro). Adam Granten mezuaren indarra ez dago aginduzko adizkian, aditzondoan baizik. Hau da, ikasi, hitz egin, aditu edo balioetsi; nahiz enpresan jardun, giza-harremanetan aritu, umezain ibili edo txiza egin. Funtsean, maratila ez da zer egiten dugun, berriro pentsatzeko eta hobeto egiteko gauza ote garen baino.

“Irakurri beharrekotzat” jotzen dute Bill eta Melinda Gates senar-emazteek Adam Grant gizarte-zientzialariaren Piénsalo otra vez (Think again, 2021) azken saiakera. Aholku horrekin, eta Adam Granten (1) beraren ospea tarteko, ez da batere harrigarri hamasei hilabete eskasean hirugarren argitaraldira iritsi izana.

Liburuaren tesia zera da: adimenaren ahalmen nagusia pentsatzea eta ikastea baldin bada ere, bizi dugun mundu aldakor honetan are garrantzitsuagoa dateke “birpentsatu” eta “desikasi”, etengabe berrasmatzeko.

Liburuak, oro har, hiru parte ditu. Lehena, adimena irekitzen ikasi beharra, nork bere burua lau haizeetara zabaltzen saiatzeko premia. Bigarrena, zein komenigarri eta emankor den gero, gauzak birritan pentsatzea, birraztertzea, beste modu batez aditzen ikastea, inorenak ulertzen ahalegintzea. Eta hirugarrenak proposatzen du, berriz, denon artean nolabaiteko ikas-kulturagune amaigabea sortaraztea, besteak beste aurreko ideia biak elkarlanean burutu ahal izateko.

Alzheimerra atzeratzeko errezeta

Lokartu aurretik irakurtzeko liburuen artean Adam Granten azkena gau-mahaian dudan aldi berean, horra non egokitu zaidan hilean behingo Cita-Alzheimerren online-bilera, zeinetan, ikastaroa amaitze aldera edo, aholkatu dizkiguten burua ahalik eta “bizkorren” mantentzeko bost betekizun, alegia: ariketa fisikorik egiteaz ez ahaztu; dieta osasuntsuari eutsi; ahalik eta ondoen lo egin; lagunartean biltzeaz ez etsi; eta, beti ere, errealitatea birbalioetsi.

Lehen lauak aski ezagunak dira, guztiz ulergarriak eta nabarmen ohikoak. Zer arraio ote da, ostera, “errealitatea birbalioetsi”? Ba, besteak beste, gero eta aldakorragoa den mundu honetan, lehengo eta betiko kontuetan ez geratzea, errazkerietan ez gelditzea, jakinekoak behin eta berriz ez errepikatzea, gaurkotasuna uneoro eguneratzea, ikasten jarraitzea, betiko betikotan ez amore ematea eta iritziak eraberritzeko prest egotea. Funtsean, ezer egin edo esan aurretik, berriro pentsatzea, birpentsatzea.

Hartara, esanak esan, nago, Ipar Ameriketako “guru” ospetsuak eta Alzheimer-Citako euskal neurologoak --ezustean edo nahiezta--  ez daudela antza, inondik ere, elkarrengandik urruti. Ez da gero izango aitzindaritzat saltzen dizkiguten hainbat pentsalari  Alzheimerraren inguruko ikerkuntzaren errutina-mailara heldu direlako denik, ezta?

Beinke, zahartzaroa, neurri handian, soinez, adimenez eta ekimenez amorerik ez ematen kementsu ahalegintzea besterik ez da. Nahiz “Think again”, “Pentsa berriro" edo "Piénsalo otra vez” esan, Adam Granten mezuaren indarra ez dago aginduzko adizkian, aditzondoan baizik.

Hau da, irakurri, ikasi, hitz egin, entzun, aditu, ekimenik ez galdu, birpentsatu eta, oro har, errealitea oneski birbalioetsi, nahiz irakasle izan, enpresan jardun, giza-harremanetan aritu, bikotean bizi, umezain ibili, larrua jo edo txiza egin.

Sakonean, maratila ez da zer egiten dugun, behin eta berriz, berriro pentsatzeko eta unean uneko abaguneetara egokitzeko gauza ote garen baizik, errealitate aldakorrari muzin egiteke, egia ukatzeke, nork bere burua engainatu gabe.

1) Adam Grantek 12 hizkuntzatan du sarrera Wikipedian. Hiru baino ez (ingelesez, frantsesez eta alemanez) alfabeto latinoan. Beste bederatziak, bistan denez, beste hainbat alfabeto ezberdinetan. Mundua Mendebaldeak uste baino zabalagoa da, nonbait.

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hogei ken bi? (idatzi zenbakiz)
Erantzuna: