Garbikeriak elgelkeria dakar
Seguru gero, entzule, ez duzuna sekula ur destilaturik edan. Edonork daki ur destilatua ez dela edatekoa, baina ez zikina delako, garbiegia delako baino.
Unamuno filosofo bilbotarrak ere ondo asko aditzera eman zuen ur purua edatea osasungarri ez den letxe, ideia puru-puruez baino elikatzen ez denak ergel hutsa izaten amaitzeko arriskua duela.
Primeran dago, bai, energia berriztagarriak defenditzea. Baina bestelako energia-mota guztiak uxatu eta soluzio bakarra berriztagarrietan dagoela uste dutenek, defenditu nahi omen dituzten energia berri horien kaltetan dihardute praktikan.
Europan badira energia berriztagarriak gogotik landu dituzten herrialdeak. Baina horretarako, estrategia bikoitza jarri dute indarrean: batetik, Europako energia-sisteman buru-belarri sartu, tokian tokiko berriztagarriak aski ez direnean europar saretik hornitu ahal izateko. Eta, bestetik, datorrena datorrelarik, energia-iturri guztiak osagarritzat onartu.
Energia-sistema espainiarra itxia eta isolatua da. Hobe beharrez edo, ez dugu Pirinioetan zehar loturarik nahi. Estu-mestuak gara energia-iturriak dibersifikatzerakoan eta zorrotzegi jokatu nahiak eramango gaitu, energia berriztagarrien kaltetan, soluziorik txarrenetara.
Goiz kronika. Euskadi Irratia, 2009ko maiatzaren 19an.
Energia-eskabidea