Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Amatiño / Garai zaharrengatik

Garai zaharrengatik

Amatiño 2023/06/19 11:25
Ez dut uste hogeitaka urtetik gorako inor dagoenik Mendebaldean, “Auld Lang Syne” (1) agur-kanta inoiz entzun ez duenik. Abestu ez, behar bada, bertsiorik zabalduena ingelesez den arren sortzez eskozieraz da-eta, baina entzun, entzun bai. Robert Burns poeta nazionalak 1788an burutua, Gabonzaharretan kantatu ohi da sarrien, nonbait joan diren “garai zaharrengatik”.

Writters MuseumRobert Burns, Robert Louis Stevenson eta Sir Walter Scott idazle eskoziar ospetsuak dira Edinburgoko The Writers' Museum delakoaren bete-beteko protagonista nagusiak. Ordu erdi inguruan (eta doan) ikustatu daitekeen museo ezkutua, hiru-lau solairuko hiri-jauregi kukua, 1622 urtean eraikia.

Ezkutuan diot, Alderdi Zaharreko (Lawnmarket) Royal Mile ardatz nagusiko espaloitik hamarren bat metrora baino ez den arren, Lady Stair’s Close delako pasartean zehar, barreneko plaza ahaztuan baitago.

Ez dut nik hemen jakinaraziko irakurle arruntak Interneten aurki ez dezakeenik baina, alferrontzien mesedetan,  labur asko adierazterik bada, Burns (1759-1796) eskoziar poetarik poetena dela; Scott (1771-1832) Ivanhoe (2), Rob Roy eta Waverley nobelen idazlea, eta Stevenson Altxor Uhartea eta Jekyll doktorearen eta Hyde jaunaren kasu bitxia eleberrien egilea.

Bisitariak aurkituko ditu, bertatik bertara, esku-eskura, Burnsen idazmahaia, Scotten lehen nobelak inprimatu zireneko moldiztegia eta Stevensonen erretzeko pipa eta arrantzako kanabera. Eta, jakina, arasak, liburuak, eskuizkribuak, erretratuak, argazkiak, etxeko zapatilak, umetako zaldi kulunkaria, inoren opariak, oroigarriak, bestelako pitxiak eta denetariko gauzakiak.

Ez da, ordea,  hor amaitzen bestela ere bisitarik merezi izango lukeen eraikina. Museoak hainbat mende luzetan izan diren 20 idazle eskoziar hautaturen berri ere jasotzen du, ingelesez, eskozieraz, gaelikoz nahiz latinez idatzi (3). 

1) Auld Lang Syne

2) Irakurri ez ezik, 1952tik aurrera behin baino gehiagotan ikusi ahal izan genuen Ivanhoe film mitikoa.  Ingelesez "Ai-van-jo" omen zen, baina guk "Ibanoe" esaten genuen.

3) "The writers, ranging in date from John Barbour in the 14th century to Sorley MacLean who died in 1996, represent Scotland's main literary languages --Scots, Latin, Gaelic and English."

.Writters' museoa

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hiru ken lau (idatzi zenbakiz) ?
Erantzuna: