Garai bakoitzari bere artea, arte bakoitzari bere askatasuna
Urre-kolorea izan zen Austriako modernismoaren totema, Gustav Klimten beraren “Musua” (1908) eta Belvedere museoan biltzen diren beste hainbat margolan lekuko.
Modernismoa ez da lirudikeen bezain modernoa. Modernoa izan zen, 1880-1930 bitarteko mende erdian. Segurutik ez da munduan beste arte-estilorik modernismoak beste izenik duenik: modernisme (katalanez), Art Nouveau (frantsesez), Modern Style (ingelesez), Floreale (italieraz), Jugendstill (Alemanian), Sezession (Austrian)…
Herrialderik gehienetan modernismoa izan bazen ere, industria-gizarteak erakarri zuen bilakera apain eta jantziaren (Belle Époque) isla, Austrian belaunaldi-haustura zorrotza eragin zuen, Gustav Klimt bereizlearen (sezessioniste) buruzagitzapean bildu zen artista-taldearen ildotik…
“Bereizleak” omen ziren, baina ez, antza, erabat txiroak, hemeretzi lagunez osatutako taldea euren lanak propio aurkezteko areto aproposa eraikitzeko gauza izan baitzen, 1897an, Vienan. Sekula historian izan den lehen erakusketa-areto pribatua, ia 120 urte geroago arras modernoa izaten darraien “Sezesio-pabiloia”, eta egungo vienarrek “Urrezko aza” izenez ezagutzen dutena.
“Urrezko andrea”… “Urrezko aza”… Austriako pinturaren urrezko garaia izan zen modernismoa, eta austriar modernismoa bera, honako lelo hau landu zuena: "Garai bakoitzari bere artea, arte bakoitzari bere askatasuna".
Adele Bloch-Bauer andrearen erretratua. "Urrezko andrea" (Klimt, 1907)
"Urrezko aza". (Viena, 1897). Aurrekaldean, leloa: "Der Zeit ihre Kunst, der Kunst ihre Freiheit !! (Garai bakoitzari bere artea, arte bakoitzari bere askatasuna)
Modernismoa, Euskal Herrian
Euskal Herrian modernismoa ez zen izan, inondik ere, Katalunian (Gaudi, tarteko) bezain garrantzitsua. Hala ere, aipagarri, besteak beste, Campos Eliseos antzokia, Alhondiga eta Santanderrerako geltokia, Bilbon; Bonilla etxea eta Floridako gasolindegia, Gasteizen; Nautikoa eta Bulebarreko kioskoa, Donostian; eta aurkezpenik behar ez duen Iruña kafea, Iruñean bertan.
Bilboko Concordia geltokia
Donostiako musika-kioskoa, Bulebarrean