Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Amatiño / Gallastegui eta EGA Master, Gabonak aurretik

Gallastegui eta EGA Master, Gabonak aurretik

Amatiño 2013/10/09 23:50
Eibarko Udalak abenduaren 20n kaleratuko du Miguel Gallastegui pilotariari buruz nik neuk egindako liburua. Astebete lehenago, berriz, Deusto Business School-ek "EGA Master kasuaren metodoa" saiakera aurkeztuko du, Iñaki Garmendia eibartarrak 1990an sortutako enpresaren garapenaz. Honela iragarri du, behintzat, Ego Ibarrak udal webgunean.

Miguel eta bion artean izandako  hainbat elkarrizketaren emaitza den liburu honek bost atal nagusi izango ditu.  Aurrenak biltzen ditu Miguel Gallasteguiren haurtzaroa eta gaztaroa (Eibar, familia, Asolaigartza jaiotetxea, ‘Simonanekua’ okindegia, Atano III.aren kontrako desafioak). Bigarrenak, eskupilota txapelketak eta Gallasteguik irabazitako tituluen inguruko zertzelada eta gorabehera guztiak.

Hirugarrenean, pilotariaren bizimodua, haren zaletasunak eta izateko modua,  Astelena frontoiaren historia.   Gallasteguiren ezkontza eta bizitza, frontoiei egindako agurra eta eskaini zitzaizkion omenaldiak dakarzkigu laugarrenak. Azkenengo atalak, pilotak eta pilotariak, telebista, prentsa eta komunikazioa jorratzen ditu.

Lanak 300 orrialde inguru izango ditu eta 100 argazki inguru, gehienak Miguel Gallasteguik berak utzitakoak, baina baita beste askok lagatakoak ere. Gallasteguiren ildoari jarraituta eta txapeldunaren laguntzaz, pilotaren historia zertzeaz gainera, sasoi bateko Eibarko herriaren erretratua ere bada, 394 orrialde-oinetan laburbiltzen diren ipi-apak tarteko.

Ego Ibarrak asmatzen duenez, ez da izango aurten aterako dudan lan bakarra, Deusto Business School-ek EGA Master kasuaren metodoa saiakera kaleratuko baitu, Iñaki Garmendia eibartarrak 1990an sortutako EGA Master enpresaren historia, 150 herrialdetara esportatzen duen esku-erreminta enpresaren nondik norako arrakastatsua.

Gallasteguirena gaztelaniaz argitaratuko da eta EGA Masterrena, ostera, hamabi hizkuntzatan.

photo

"Simonanekua" okindegia Estaziño kalean.  Goian, Miguel Gallastegui bere amarekin, aldamenean Atano III. Barrenean, jarrita, Jesus Ugalde eta Justo Larrañaga, Miguel Espilla eta Mikel Larrañaga umeak besoetan dituztela. Maria Ibargain, Valentina Mandiola ere hor azaltzen dira beste askorekin. Esteban Agirre botillerua eskuman, bigarrena, txapelarekin. Eta bere ondoan, belauniko, Antonio Sarasua.  Argazkia: Miguel Espilla

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hiru ken lau (idatzi zenbakiz) ?
Erantzuna: